Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eskorbuto

iz. Med. Elikaduran C bitaminaren ezak edo urritasunak eragindako eritasuna.  v  Eritasun hori XVI. mendeko mundu inguruko bidaietan egin zen ezaguna, eta Ipar Buruetako bidaldietan, jateko janari freskoen falta zela eta. Izurrite gisa Lehen Mundu Gerran azaldu zen. Denbora luzez gordetako janariek, lehortuek, kontserbek, luzaro egositakoek, eragin dezakete eskorbutoa, elikagai bakarrak horiek badira. Bitaminarik ezak hiru edo lau hilabete irauten duenean sortzen da eritasuna. Sintometan nagusia odolaldia izaten da, hagin-hobietan, giharretan eta azalean. Lehena da nabarmenena; askotan infekzioak sortzen dira odolarekin batera, eta hortzak eror daitezke. Sendatzeko C bitamina eman behar zaio eriari, kopuru handietan hasieran, eta bitamina horretan aberats diren elikagaiak (limoiak, laranjak, etab.); egun gutxietan oso emaitza onak lortzen dira.  v  Haurren eskorbutoa. C bitaminaren eskasiak eragindako eritasuna, haur txikietan azaltzen dena. Haurrari gehiegi egositako esnea emateak eragindakoa, gehiegi egosteak bitaminak galarazten baitizkio esneari; bularraz elikatutako umeek ez dute inoiz eskorbutorik izaten. Gaur egun ia erabat desagertu da.