eskifozoo
izond. Zool. Zelenteratu edo knidarioen filumeko izen bereko klaseko animaliez esaten da. Helduak direnean marmoka errezel gabeak dira, eta larba-aldian polipo finkoak, bertatik marmoka txikiak askatzen direla. Eskifozooak disko baten antzeko marmoka handiak dira; diskoaren ertzean garroak eta erropalia izeneko organo sentibera bereziak tartekatzen dira. Unbrelaren erdian girten luze bat dago eta haren muturrean ahoa. Urdaila oso handia dute, barrunbe gastrobaskularretan zatitua eta faringearen bidez kanpoaldearekin lotuta; bertan ugalketa aparatua dute, sexuak berezita. Gorputz gardena dute eta itsaso guztietan bizi dira, baina badira ur gezatan bizi direnak ere. Milaka zelula erresumingarri dituzte eta horien bidez harrapakinak elbarritzen dituzte eta girtenaren laguntzaz ahoratzen. 200 mota inguru biltzen dira eskifozooen klasean, lau ordenatan banaturik: koroatuak, rizostomak, semeostomoak eta estauromedusak.