Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Escorial, El

Espainiako erdialdeko herria, Madrilgo Autonomia Erkidegoan, Guadarrama mendateko oinetan. nMonasterioa (Real Monastrio de San Lorenzo del Escorial). Fraide jeronimotarren monasterioa eta erregeen jauregi eta panteoia. Filipe II.ak egin zuen 1563 eta 1584 artean. Juan Bautista de Toledo, lehen arkitektoa hiltzean (1567), Juan de Herrerak bukatu zuen. Oin errektangularreko eraikuntza da (207 x 161 m); hegoaldea fraideen bizitokia da eta iparraldea erregeena. Elizan azpimarratzekoa da presbiterioa, Zuccaro eta Tibaldik apaindua; atarian Karlos V.aren eta Filipe II.aren irudiak. Azpian, panteoia, Crescencik egina. Sakristia, liburutegia eta kapituluko aretoa, Italiako gisara apainduak daude. Monasterio horrek pintura ondasun handiak ditu: Coello, Ribera, Tintoretto, Tiziano, Verones, Greco, Velazquez, H. Bosch, Cano, Gavarrete eta Tibaldi-renak adibidez. 60.000 mila liburu eta 5.000 eskuizkributik gora ditu liburutegiak.