Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Escobar Gaviria, Pablo

Kolonbiar politikari eta narkotrafikantea (Envigado, 1949 - Medellín, 1993). 1976an marihuana saltzearen akusaziopean atxilotu zuten, eta aske gelditu zelarik, politikan lehen urratsak egiten hasi zen. Orduan hasi zen ospea irabazten. Lehenik behartsuentzako auzo bat eraiki zuen Medellínen, eta haien botoei esker lortu zuen Medellíngo alkate kargua eta, 1982ko hauteskundeetan, Errepublikako Kongresuko diputatu ordezkoarena, Renovación Liberal alderdiaren hautagai gisa. Berriro ere droga salerosteaz salatu zutelarik alde batera utzi behar izan zuen politika, eta Medellíngo kartela sortu zuen. 1983az gero ezkutuan bizi izan zen, eta kartelaren buru iraun zuen urteetan izua zabaldu zuen, bahiketekin, bonbekin eta hilketekin; kartel haren jarduerari egozten zaizkio, hain zuzen ere, 1980ko hamarraldiaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran Kolonbian gertatutako indarkeriazko ekintza gehienak. Kolonbiako gobernuak kartelarekin su-etena proposatu zuelarik, Escobarrek agintarien esku jarri zuen bere burua 1991n. Espetxeratu egin zuten, baina 1992an ihes egin zuen. Hurrengo urtean hil zuten, tiroketa batean.