Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ensérune

1915. urtean aurkitu zen Frantzia hegoaldeko aztarnategia, Languedoc Beherean (Aude, Languedoc-Roussillon). Oppidum harresidun bat da. Hilerrian (K.a. IV-III. m) zeramika grekoaren eta iberiarraren estiloko ontziak eta tresnak agertu dira. Ensérunen bizi zen herria mediterranearra zen, Kataluniako itsasertzean bizi zenaren antzekoa, eta K.a. VI. mendetik aurrera harremanak izan zituen Greziako kulturarekin. K.a III. mendetik aurrera zeltekiko harremanak estutu zituzten eta K.a. II. mendean galiarren eragin esparruan bizi izan ziren. Zinbriarrek K.a. I. mendean herria suntsitu zuten; bertan ez da erromatarren garaiko aztarnarik aurkitu. Ensérunekoa Frantziako arkeologia aztarnategi nagusietakoa da.