Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henrike VIIIa Ingalaterrakoa

Ingalaterrako erregea, 1509-1547 bitarteko urteetan (Greenwich, 1491 - Westminster, 1547). Errenazimentuaren garaiko errege nagusietako bat izan zen. Kanpoko politikan, Frantzisko I.a Frantziakoa eta Karlos V.a Espainia eta Germaniakoarekiko orekari eusten jakin zuen, hitzarmen politika azkar bati esker. 1535. urtean Galesko herria beretu zuen, baina ezin izan zuen Eskoziako erreinuaz jabetu. Ekonomia oparotasunak, Atlantikoaz bestaldeko lurraldeen konkistaren hastapenek eta, batez ere, erlijio zismak bereizi dute Henrike VIII.aren erreinaldia beste guztietatik. Fede katolikoaren babesle gartsua izan zen hasieran, aita santuak Katalina Aragoikoarekiko ezkontza hautsi nahi izan zuen arte. Katalina Aragoikoa, izan ere, Karlos V.aren izeba zen, eta hura bere itzalpean zuen Erromako aita santuak. Arrazoi politikoak eta pertsonalak, bietakoak nahasi ziren erregearengan, garai hartan guztiz maitemindurik baitzegoen Ana Bolenaz (Anne Boleyn). Thomas Cranmer eta Thomas Wolsey artzapezpikuen adostasunez, ezkontza hautsi eta Erromarekiko banakuntza aldarrikatu zuen Henrike VIII.ak (1534). Urte hartan emandako agiriaren arabera, erregea bihurtzen zen Ingalaterrako elizako buruzagi nagusi. Eliza berri hark, ordea, erreforma kondenatu eta dogma katolikoaren barnean iraun zuen (Sei artikuluen estatutua, 1539). Aita santuaren aldekoek, hala ere, jazarpen bortitza jasan behar izan zuten: erlijio ordenak sakabanatu egin ziren, katolikoak preso hartu eta hil egin zituzten (Thomas More 1535. urtean hil zuten) eta gupida gabe zapaldu ziren neurri haien aurka bideratu ziren ekintza guztiak (Graziazko Erromesaldia, 1536). Ana Bolena hiltzera eraman ondoren, beste lau emazte izan zituen: erditzen ari zela hil zen Jane Seymor; Catherine Howard, hiltzera kondenatua; Anne Cleveskoa, zapuztu zuena eta Catherine Parr. Hiru seme-alaba izan zuen, Maria Tudor, Elisabet eta Eduardo VI.a.