Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henrike Ia Gizena

Nafarroako erregea 1271tik 1274era (1238 - Iruñea, 1274). Teobaldo I.aren semea eta Teobaldo II.aren anaia zen. Gaztetan gortetik kanpora ibili ondoren (seme bat izan zuen Nafarroa Behereko Lakarra etxeko alaba batekin), 1269. urtean bere anai Teobaldo II.aren mendean jarri zen eta Zuria Artoiskoarekin ezkondu zen, anaiak nahi zuen bezala. 1270. urtean erregeorde gelditu zen erresuman, anaia VIII. gurutzadan parte hartzera abiatu baitzen Luis IX.a Frantziako erregearekin batera. 1271. urtetik aurrera errege izan zen. Erregeordetzan eta erregetzan, Nafarroako erresuma bakean egon zedin ahalegindu zen, eta Filipe Gaztelako printzeak bere anaia Alfontso X.aren aurka egin nahi izan zuen saioan ez zion lagundu. Joana, Henrike I.aren alaba, izan zen haren ondoren Nafarroako erregina.