Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Engels, Friedrich

Alemaniar teorilari sozialista eta politikaria (Barmen, 1820 - Londres, 1895). Ehule aberats baten semea zen; gaztetan “Gazte hegeliarren” artean ibili zen. Manchesterko Ermen-Engels etxean enplegatu zegoelarik, langileen egoera aztertu eta ekonomia kapitalistaren kontrako lehen kritika zientifikoetako bat egin zuen: sozialismoaren ildotik, langileriaren askatasunaren beharra azpimarratu zuen (Ekonomia politikoaren kritikarako hastapenak, 1844; Langile klasearen egoera Ingalaterran, 1845). 1844ean Marxekin elkartu zen Bruselan. Elkarrekin Familia Santua, Alemaniar ideologia eta Alderdi Komunistaren Manifestua (1848) idatzi zituzten. Alemaniara itzuli ondoren, Kolonian, Barmenen eta Palatinatuan izan ziren matxinadetan parte hartu zuen armada errepublikarrarekin (1848). Mugimendu haren hondamendiaren ondoren Nekazarien gerra (1850), Reich-aren eraketarako Kanpaina (1850), eta Iraultza eta Kontrairaultza Alemanian (1851-1852) liburuak idatzi zituen Londresen. 1850etik 1869ra arte bere aitaren lantegian lan egin zuen eta era horretan lagundu ahal izan zion Marxi diru kontuetan. Hizkuntzak ikasi zituen, gizarteen historiak hobeto ezagutzeko, arazo militarrak ikertu zituen eta artikulu ugari idatzi zuen. Berriro Londresa itzulirik, Internazionalean bere lekua hartu eta Alemaniako sozial-demokraziaren garapena hurbiletik zaindu zuen (Gothako eta Erfurteko programen kritika, Marxekin batera, 1875-1891). Bere azken obretan teoria landu zuen gehienbat: Anti-Dühring (1877), Izadiaren dialektika (bukatu gabea), Familiaren, jabego pribatuaren eta Estatuaren jatorria (1884), Feuerbach eta Alemaniako filosofia klasikoaren bukaera (1888). Kapitala burutu zuen, Marxek bukatu gabe utzi baitzuen.