Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkano, Juan Sebastian

Gipuzkoar itsasgizona (Getaria, 1487 - Ozeano Barea, 1526). Aljeriaren aurkako gerran hartu zuen parte Cisneros kardinala buru zuela 1509. urtean. 1518. urtean, Concepción izeneko itsasontziko maisu zen, Magallanesek Espezieen uharteetara (Moluketako uharteak) iristeko xedez antolaturiko bidaldian. Ontzidia (bost itsasontzi eta 237 gizon) Andaluziako Sanlucar de Barramedatik irten zen 1519ko irailaren 20an. Urtebete geroago, Brasilgo kostaldetik aurrera egin ondoren, Hego Ameriketako itsasartea (gerora Magallanes itsasartea deituko zena) igaro eta 1521eko udaberrian Filipinetako uharteetara iritsi ziren. Magallanes, espedizioko burua, bertako biztanleen aurkako gudu batean hil ondorengo egunetan (Maktango uhartea, 1521eko apirila), bidaldiaren ardura hartu zuten beste bi portugaldar hil zituzten, eta Elkano Victoria izeneko ontziko maisu geratu zen, Concepción izeneko ontzia galdua baitzen. Urte bereko irailean, bi ontzi eta 150 gizon besterik ez zirela, Moluketako uharteetara iritsi ziren. Bertan egon ondoren, espedizioburuek beste ontziak, Trinidad izenekoak, Panama aldera jo zezala erabaki zuten; Victoria izenekoak, ordea, Espainiara itzuli behar zuen. Elkano buru zen ordurako, eta Timor uhartera iritsi zen Victoria ontzian 1522ko urtarrilean. Urte bereko maiatzean Hegoafrikako Esperantza Oneko lurmuturra igaro zuten eta Sanlucar de Barramedako portura heldu ziren 1522ko irailaren 6an, bidaia izugarri baten ondoren.  v  Juan Sebastian Elkano, iritsi ziren beste 16 marinelekin batera, munduari itsasoz bira eman zion lehen gizona izan zen. Karlos I.a Espainiako erregeak armarri berezi bat eman zion; armarri horretan lurra azaltzen da, inguruan primus circumdedisti me (“zu zara lehenengoz inguratu nauena”) esaldia duela. Itsasaldi hark garrantzi handia izan zuen zientzian, besteak beste, mundua «biribila» zela erakusten baitzuen. Bi urte lehorrean eman ondoren berriro itsasoratu zen Elkano, Portugaleten, Moluketako uharteetarako bidaldi batean, Loaysa komendadorea zela buru. 1526. urtean Loaysa hil eta Elkano ontziburu jarri zen, baina handik hilabetera Elkano bera hil zen (1526ko abuztuaren 4a), eskorbutuak jota, beren helburua iritsi aurretik. Getariako herriak monumentu bat eraiki zuen Juan Sebastian Elkanoren omenez, eta lau urtez behin antzezlan bat egiten dute herritarrek, Elkano eta bere gizonen itzulera ospatuz.