Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elgeta

Gipuzkoako mendebaleko udalerria (Debagoiena eskualdea). Mugak: iparraldean Eibar eta Zaldibar, ekialdean Bergara, mendebalean Zaldibar eta Elorrio (Bizkaia), eta hegoaldean Bergara. Altuera 473 m. 16,9 km2. 938 biztanle ditu (elgetarrak). Auzoak: Arantzeta-Ziarra, Arriola, Egotxeaga, Elgeta, Goimendi, Isusiaga eta Uriartea. Ibur eta Ubera errekak igarotzen dira udalerritik. Debagoiena eta Durangaldea lotzen dituen mendatean dago (altuera: 473 m). Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 823 euskaldun, 101 ia euskaldun eta 43 erdaldun. Bertako langile gehienak inguruko herrietako industrietan ari dira lanean. Nekazaritzak galdu egin du garai bateko garrantzia (barazkiak eta ardi azienda) eta badira herrigunean arma eta altzari lantegi bana. Aipagarria da bertako Santa Mariaren Jasokundeko eliza erromanikoa (XV. m.). v Historia. 1335. urtean, Gasteiz eta Arrasateko foruen araberako hiri gutuna jaso zuen Elgetak Alfontso XI.a Gaztelako erregearen eskutik. Hamahiru urte geroago, Oxirondoko auzoa Elgetatik bereizi eta Bergarako hiriaren mende geratu zen (1348). Ubera eta Angiozar auzo urrunek, ordea, ez zuten XX. mendera arte horrelakorik egin (1935. urtean batu zitzaizkion Bergarari). Elgetak hainbat gerra jasan behar izan ditu historian zehar: Ahaide Nagusien artekoak (XV. m.), Konbentzioko Gerra (1793-1795), Napoleonen aurkako gerra (1808-1814), eta XIX. mendeko Karlistadak. Gerra Zibilean, gogor zigortu zuen Mola jeneralak Elgeta. Gipuzkoa Francoren osteek ia osorik hartuta zegoela, Eusko Gudarosteak eutsi egin zien Mola jeneralaren erasoei 1936ko urrian eta frontea Elgeta-Intxorta-Kanpantzar-Irutontorreta lerroaren inguruan jartzea lortu zuten. Neguan ez zen aldaketarik izan, baina udaberriko lehen egunetatik aurrera, Francoren osteek egundoko erasoari ekin zioten Elgeta aldean, hegazkinen bonbardaketek lagunduta. Gudariek eutsi zioten oldarrari, baina Elorrio Francoren esku erori ondoren, abandonatu behar izan zituzten Elgeta eta Intxorta, eta Nafarroako brigadetako karlistak sartu ziren Elgetan 1937ko apirilaren 24an.