Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elduain

Gipuzkoako ekialdeko udalerria (Tolosaldea eskualdea). Mugak: iparraldean Andoain eta Urnieta; ekialdean Arano, Berastegi, Hernani eta Goizueta (Nafarroa); mendebalean Belauntza eta Berastegi, eta hegoaldean Gaztelu eta Berastegi. Altuera 256 m. 7,5 km2. 247 biztanle ditu (elduaindarrak). Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 219 euskaldun, 7 ia euskaldun eta erdaldunik ez. Leitzaran eta Berastegi ibaiak igarotzen dira udalerritik. Ekonomia jarduera nagusia papergintza da, eta bertako langile ugari inguruko herrietako industrietan ari da lanean. Nekazaritzak ez du garrantzi handirik, bertako lur gehienak basoak izaki. Aipagarria da Santa Katalina parrokia eliza (XIII-XVII. mendeak). v Historia. 1374. urtetik 1614. urtera arte Tolosaren mende egon zen Elduain, inguruko beste herri asko bezala. Urte horretan jaso zuen hiri gutuna Filipe III.a Espainiako erregearen eskutik. Elduainen eta Tolosaren artean istilu ugari izan dira mende askotan zehar. Elduaingo eta Berastegiko herriek batera erabili zituzten aspaldidanik inguru hartako mendi, baso eta burdinolak. 1848. urtean erabaki zuten ondare hura banatzea. Elduainen jaio zen, 1842. urtean, Manuel Ignacio Santa Cruz Loidi, Santa Kruz apaiza, gerrillari ospetsua.