Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elantxobe

Bizkaiko kostaldeko udalerria (Busturialdea eskualdea). Mugak: iparraldean eta ekialdean Kantauri itsasoa, mendebalean eta hegoaldean Ibarrangelua. 1,81 km2. 489 biztanle ditu (elantxobetarrak). Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 471 euskaldun, 28 ia euskaldun eta 7 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusia arrantza eta honen inguruan sorturiko industria (kontserbak) da. Herria gain batetik itsasoraino jaisten den aldats izugarri batean dago.  v  Historia. XVI. mendearen hasieran sortu zuten Ibarrangeluko arrantzaleek Elantxobeko herria eta elizate hartako auzoa izan zen 1854. urtera arte. Urte hartan eskuratu zuen Elantxobek bere lekua eta botoa Gernikako Batzar Nagusietan. 1783an eraiki ziren kaiak eta bertan kargatzen eta deskargatzen zituzten Ea, Lekeitio, Mundaka eta Bermeoko arrantzontziak. XX. mendean behera egin du etengabe Elantxobeko biztanle kopuruak (1.119 biztanle 1900. urtean).