Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eduardo

(«Printze Beltza» deitua). Galesko printzea (Woodstock, 1330 - Westminster, 1376). Eduardo III.aren semea zen. Ehun Urteko Gerrako jeneralik onenetakoa izan zen. 1356. urtean Frantziako errege Joan II.a garaitu zuen Poitiersen. Aitak semearen esku utzi zuen Akitania (1363). 1366. urtean, Baionan bildu zen Gaztelako errege Petri I.a Ankerrarekin eta Nafarroako errege Karlos II.a Gaiztoarekin, Libourneko ituna prestatzera. Hitzarmen haren arabera, laguntza militarraren truke, Bizkaiko jaurerria Akitaniako dukearen mendeko lurralde bihurtu zen, eta Gipuzkoa, Araba eta Errioxa Nafarroako koroaren mendean gelditu. 1367. urtean, Printze Beltzaren osteek Nafarroa igaro, eta, Naiaran, Petri I.a Gaztelako erregearen anaia eta aurkari zen Henrike Trastamarakoaren osteak garaitu zituzten, eta Du Guesclin atxilotu zuten. Printze Beltza Akitaniara itzuli zen, eta bertan Aragoiko, Nafarroako eta Portugalgo erregeek Gaztelako koroa eskaini zioten, gaztelarrek kenduriko lurralde guztien truke. Portugalgo erregeak ez zuen hitza bete eta, Petri I.aren alde jarri ondoren, hutsean geratu ziren asmo haiek guztiak. Printze Beltza gaixotu egin zen 1370. urtean eta Joan Lancasterkoak, bere anaiak, hartu zuen haren lekua Akitaniako gobernuan.