Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Duby, Georges

Frantses historialaria (Paris, 1919 - Paris, 1996). Erdi Aroaren ikertzaile handienetako bat. Maçoneko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1944an irakasle laguntzaile izan zen Lyongo Unibertsitatean, eta 1950ean Erdi Aroko historia irakasle Besançonekoan. 1985ean, Philippe Aries historialariarekin batera, Bizitza pribatuaren historia bildumaren zuzendaritza hartu zuen bere gain. Bi-biak Annales eskolako ikertzaileak izan ziren (historialarien artean iraultza ekarri zuen aldizkariaren inguruan sortutako eskolakoak). Duby, berak behin baino gehiagotan aitortu zuenez, Althusser eta Balibarren marxismoaren eraginpean egon zen, eta "historialariaren amesteko eskubidea" aldarrikatu zuen sarritan, historia eleberri gisa tratatzeko bere moldeari jarraituz. 1986an Canal 7 frantses telebistako (batez ere kultura programak egiten ditu) edizio batzordeko kide izendatu zuten, eta 1988an lehendakari. 1987an Gilen mariskala edo munduko zaldun onena biografia aurkeztu zuen, eta 1990ean, Bartzelonan, "Mediterraneoaren idealak. Mediterraneoko zibilizazioak munduari eskaini dizkion kategoriak" ikastaroaren aurkezpena egin zuen. 1992an Santiagoko Unibertsitateko doktore honoris causa izendatu zuten. Lanik aipagarrienak: Katedralen Europa; Zalduna, gizona eta aita; Ezkontza Frantzia feudalaren garaian; Historiak aurrera segitzen du; Familiaren historia; Bizitza pribatuaren historia; Hiri eta nekazari giroko Frantziaren historia; Emakumeen historia. Aari aipagarriak ditu Arte eta Letretako Ohorezko Legioaren Komendadore titulua; Frantziako Fundazioaren saria (1973); Frantziako Akademiaren Gobert saria (1978); 1985eko Gutenberg saria.