Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dubrovnik

(Antzina, Ragusa) Kroaziako hego-mendebaleko hiria, Dalmaziako kostaldean. 31.106 biztanle. Dalmaziako herri ikusgarrienetakoa da. Industriagunea, portu (Gruz) eta turismo hiri garrantzitsua (katedral barrokoa, jauregiak, iturriak eta Erdi Aroko harresiak).  v  Historia. K.a. VII. mendean sortu zuten greziarrek, Epidauros hiriaren kolonia gisa, eta Illyricum probintziako hiria izan zen erromatarren garaian (Ragusium). IX-XII. mendeetan Bizantzioko inperioaren mendean egon zen eta 1205-1358 bitarteko urteetan Veneziari loturiko errepublika aristokratikoa izan zen. 1358. urtean Hungariako erregearen nagusitasuna aitortu zuen eta 1526an beste hainbeste egin zuen enperadore otomandarraren aurrean. Ragusa merkataritza hiri garrantzitsua izan zen XIII-XV. mendeetan, eta bertan herri latinoen eta eslaviarren arteko harremanak bideratu ziren. Otomandarren mendean geratu zenetik gainbehera hasi zen. 1667. urtean lurrikara batek ia erabat suntsitu zuen hiria. 1808-1813. urteetan frantsesen eskuetan egon zen eta 1815ean Austriako koroaren mendeko hiri bihurtu zen. 1918an Jugoslaviari lotu zitzaion eta Dubrovnik bere izen eslaviarra berreskuratu zuen. 1991. urteko udazkenean Jugoslaviako armada federalak Dubrovnik setiatu eta bonbardatu egin zuen, Kroazia eta Serbiaren arteko gerran. 1992an berriz ere bonbardatu zuten. Gerra zela eta, sarraski handiak izan ziren Dubrovnik-en.