Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dubcek, Alexandre

Txekoslovakiar politikaria (Uhrovec, Eslovakia, 1921 - Praga, 1992). 1963. urtean Eslovakiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten eta 1968ko urtarrilaren 5ean Txekoslovakia osoko Alderdi Komunistako lehen idazkaria. «Sozialismoa askatasunean» aldarrikatuz, berrikuntza sakonak abiarazi zituen eta alderdi barneko egiturak berritu zituen. Txekoslovakiako herriaren babesa izan zuen arren (Pragako Udaberria), amore eman behar izan zuen urte bereko abuztuan Txekoslovakian sartu ziren tanke sobietarren aurrean. Gustav Husak izan zuen ondorengo 1969ko apirilean eta autokritika egiteari uko egin ondoren (1969ko ekaina), kargu politiko guztiak kendu zizkioten eta alderdi komunistatik egotzi zuten. Dubcek 1989ko azaroan, erregimen komunistaren aurkako manifestazioetan agertu zen berriro jendaurrera. Urte bereko abenduan parlamentuko lehendakari hautatu zuten.