Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Duarte, José Napoleón

El Salvador-eko politikari eskuindarra (San Salvador, 1920 - San Salvador, 1989). 1980. urtean El Salvadorreko lehendakari aukeratu zuten, alderdi kristau demokratak bultzatuta eta armadaren laguntzaz. Bere agintaldian Frente Farabundo Martí para la liberación Nacional (FMLN) gerrillaren aurkako borroka indartu zen eta Estatu Batuetan prestaturiko nekazaritzaren erreforma bat gauzatzen saiatu zen. Neurri horiek ez zuten emaitza onik izan: gerrillaren aurkako gerran, Estatu Batuek lagunduriko El Salvadorreko armadak ez zuen inolako garaipenik lortu; herritarren artean milaka lagun hil eta erbesteratu behar izan zuten eta bertako oligarkiak ezezko biribila eman zien Duarteren gobernuak proposaturiko berrikuntza txikiei. 1984. urtean hasi zen gerrillarekin hitz egin nahian, baina politika ezertan ere aldatu gabe. Ondoko lehendakariak, eskuin muturreko ARENA alderdiko Cristianik (1989), gerrillarekin negoziatu behar izan du Duarteren bide beretik hasi bazen ere (1991ko Abenduko Bakea).