Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dreyfus, Alfred

Frantses kapitaina (Mulhouse, 1859 - Paris, 1935). 1894. urtean Guyana Frantsesean espetxeratu zuten, ustez Alemaniaren aldeko espioitzan jardun zuelako. Handik bi urtera, Picquart komandanteak Esterhazy komandante hungariarra (frantses herritartua) salatu zuen, lehenago Dreyfusi leporatutako espioitza lanen egiletzat. Esterhazy komandantea errugabetzat jo zuten. Dreyfusen senide aberatsek Dreyfus Auzia iritzi publikoaren aurrean jarri zuten, eta Frantzia Dreyfusen aldekoen (intelektualak, sozialista-erradikalak, errepublikar moderatu antimilitaristak) eta aurkakoen (nazionalismo eskuindarra, antisemita eta katolikoa) artean banatu zen. 1898. urtean auzia faltsifikazio baten ondorioa zela jakin zen, Henry izeneko koronel batek egina; faltsifikazioaren egileak bere buruaz beste egin zuen gero. Gerra ministro zen Cavaignac-ek bere dimisioa aurkeztu zuen Dreyfus Auzia berriro aztertu zenean (1899). Dreifusek zigor arina jaso zuen baina laster kendu zioten. 1906. urtean Auzitegi Gorenak Dreyfusi eginiko lehen epaiketa indarrik gabe utzi eta kapitaina lehengo gradura ekarri zuen atzera. 1930. urtean argi geratu zen benetako erruduna Esterhazy komandantea izan zela. L’affaire Dreyfus delakoa, III. Errepublikak izan zuen krisi politiko larrienetako bat izan zen, eskuineko indarren eta ezkerrekoen arteko aldea biziki areagotu zuena.