Donostia
Gipuzkoako hiriburua, herrialdeko ipar-ekialdean dagoena. Urumea ibaiaren bokalean dago, Kantauri itsasoaren ertzean, Gipuzkoako Beterrin. Euskal Herriko hiri nagusietakoa da. Arrantza eta kirol kaiak ditu. Donostiako hiriaren mende daude Landarbasoko baserrigunea, Añorga, Zubieta eta Igeldoko herriguneak eta Altzako herri ohia (1940. urtetik aurrera). Mugak: Errenteria eta Pasaia, ekialdean; Astigarraga, Hernani eta Lasarte, hegoaldean; Usurbil eta Orio, mendebalean; Kantauri itsasoa, iparraldean. 73,3 km2 eta 180.657 biztanle (2006, 2.961,6 biztanle km2-ko) (donostiarrak). v Orografia eta klima. Donostia kostaldeko Mendizorrotz eta Ulia mendien artean zabaltzen da. Bi badiagune dira Donostian: Kontxako badia ospetsua, Igeldo eta Urgull mendien artean, Santa Klara uhartea bi mendien artean dela, eta Zurriolakoa Urumea ibaiaren bokaletik Ulia mendira bitartekoa. Bi badien artean dago Urgull mendia, egungo Donostia zaharra egituratu zen gunea. Nafarroan sortzen den Urumea ibaiak zeharkatzen du egungo Donostia hegoalde iparralde. Hirialde handiak ibaiaren inguruko padura eta lintzuren gainean eraiki dira. Donostiako klima itsas klima da, euritsua (1.600 mm, batez beste), eta tenperatura epelak izaten dira (11°-13° neguan, 18°-22° udan). v Hiriaren bilakaera eta demografia hazkundea. 1150. urte aldera, Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregeak hiri gutuna eman zion Donostiari, aurrekoek Izurun izenaz ezagutzen zuten hiriari hain zuzen. Hasieran Kontxako badiaren eta Urumea ibaiaren bokalearen arteko lur muturrean egokitu zen, Urgull mendiaren ondoan. Nafarroako Antso VII.a Azkarrak eraikiarazi zuen Urgull mendiko gaztelua 1194. urte aldera, eta haren inguruan pilatu ziren Donostiako etxe eta eraikuntza zibilak. Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak (Gipuzkoako errege 1200. urtetik aurrera) sendotu zituen gaztelu eta hiri inguruko harresiak. Donostiako lehen hirigunea, beraz, egungo parte zaharrak hartzen duen eremuan zabaldu zen, eta itsasoak eta Urumea ibaiaren bokaleko padura eta hondartzek inguratzen zuten. Donostiako hiria sortu zenean eremu zabala hartu zuen; Hondarribitik Oriora eta kostaldetik Nafarroako Aranoraino. Hondarribiko hiria eta bere mendeko herriak (Irun, Lezo, Pasai Donibane) 1203. urtean banatu ziren. Oiartzungo harana (Oiartzun eta Orereta, geroko Errenteria) urte batzuk geroago bereizi zen. Usurbil bere gain jarri zen 1371. urtean eta 1379an Orio. Urte horretan bertan batu zitzaizkion Hernani, Andoain, Zubieta eta Igeldo. Beterri barneko herri batzuk (Aduna, Alkitza, Andoain, Urnieta) Donostiaren eta Tolosaren mendean egon ziren, txandaka. Donostiako udalaren barnean zeuden, halaber, Antigua, Aiete, Amara, Loiola eta Ulia aldeko baserriak. Altza eta Pasai San Pedro ere Donostiako hiriaren mendean zeuden (1805. urtean batu zitzaion Pasai San Pedro Pasai Donibaneri eta Altzako herria haren eskuko egon zen 1879tik 1940ra arte). Jatorrian gotorleku hiria izanik, Donostiak laster ekin zion itsas merkataritzari, XII. mendetik aurrera bertara bildu ziren gaskoiek bultzatuta. Egungo portuko lehen kaia XV. mendean eraiki zen (1406-1454). Mende horretan itxuratu zen, orobat, 1813ko sutera arte zutik iraun zuen hiri egitura. 1476. urtean harresiak gotortu ziren; antzeko lanak bideratu ziren XVI. mendean zehar Errege-erregina Katolikoen (1514) eta ondoko erregeen garaian. Donostiak sute asko nozitu ditu historian zehar: 1489. urtekoaren ondoren hiru dorretxek baizik ez zuten zutik iraun; 1512. urtean aldiriko ehun eta berrogeita hamasei etxe erre zituzten bizilagunek Nafarroako erregeari laguntzera iritsitako oste frantsesei aurre egin ahal izateko; 1575ean tximista batek bete betean jo zuen gazteluko armategia eta hiriko zenbait etxe erre ziren; 1630. urtean suak herriko ehun eta hogei etxe suntsitu zituen eta 1660-1665 bitarteko urteetan zazpi lurrikarek astindu zuten hiria. 1813ko abuztuaren 31n, Wellington dukea buruzagi zutela, oste ingelesek eta portugaldarrek, eragin zuten sutea izan zen garrantzitsuena inola ere: hiriko seiehun etxe harrapakeriaz hustu ondoren su eman zioten hiriari eta bi parrokiak (San Bizente eta Santa Maria) eta hogeita hamabost etxe baizik ez ziren geratu. Suak eraman zituen, halaber, hiriko eta Kontsuletxeko artxibo eta dokumentuak, parrokietako liburuak eta abar. Hiria berriro eraiki behar izan zen eta egungo parte zaharra egituratu zen San Bizente eta Santa Maria elizaren artean, udaletxea eraiki zen Plaza Berriaren (egungo Konstituzio Plaza) inguruan, harresien barnean. 1863. urtean eraitsi zituzten hiriko harresiak eta hasi ziren hiriko egitura berria antolatzen. Donostia Gipuzkoako hiriburu aukeratu zuten 1854an eta, horrez gainera, Espainiako erregeek bertan finkatu zuten beren udako egoitza. Gortearen inguruan Donostiara bildu zen burgesiak eta administrazio jendeak hiri berria eraiki zuten eta hala bideratu zen lehen zabalgunea, Bretxatik (lehengo harresia) egungo Artzain Onaren katedraleraino. Gisa honetan antolatu zen egungo Donostiako erdialdea, Antonio Cortázar arkitektoaren gidaritzapean. Antiguako auzo aldera, Kontxako badiaren aurrean, luzatu zen Tolosarako bidea. 1863. urtean inauguratu zen Irunera bitarteko burdinbidea, eta Donostiako geltokia eta burdinbidea Urumea ibaiaren eskuinaldean geratu ziren. Santa Katalinako zubia zen ordura arte hiriko bi aldeak elkartzen zituen zubi bakarra, 1905. urtean Maria Kristinako zubia eraiki zen arte. Zurriolako edo Kursaaleko zubia 1921. urtean eraiki zen. XIX. mende bukaeran eraiki zen Donostiako geltokiaren eta Zurriolako hondartzaren arteko zabalgunea; Tomás Gros-ek egin zuen (egungo Gros auzoa). 1921. urtean Donostiako udalak Urgulleko gaztelua eskuratu zuen eta Loiolako auzoan egokitu ziren militarren kuartelak. Gaztelua pasealeku eta lorategi bihurtu zuten. Donostia berria Gerra Zibilaren ondoren itxuratu zen. 1940. urtean, Altza Donostiako auzo bihurtu zen, eta 1955. urtetik aurrera Altzan, Herreran eta Intxaurrondon, Donostiako hiri barnekoak ez bezalako etxe multzo merke kaxkarrak eraiki ziren. Urte haietan eraiki ziren Amarako zabalguneko lehenengo etxeak, Amara Zaharra eta Anoeta bitarteko padura lurrak hartu ziren, eta Ategorrietako eta Antiguako hirialdeak eraiki ziren. 1943. urtean, Donostiak Astigarrako herria hartu zuen bere mende. Astigarraga eta Ergobia 1987. urtean bereizi ziren Donostiatik eta Astigarragako udala osatu zuten berriro ere. Donostia hiri txikia eta bildua izan da mendeetan zehar. XIX. mendearen hasieran 7.000 biztanle inguru zituen, 1860an 12.883 biztanle. Urte haietan hasi zen Donostiaren demografia hazkundea. 1900. urtean 41.200 biztanle zituen, 85.554 1930ean, 105.776 1940an, 135.149 1960an 169.622 1975ean eta 175.576 1981ean. Azken urteetan bilakaera azkarra izan du Donostiak hirigintzari, jarduera ekonomikoen aldaketari eta azpiegiturei dagokienez. Izan ere, aurreko urteetan osatutako Hiriaren Ordenaziorako Plan Orokorra onartu zuen Donostiako udalak 1996an. Oraindik ere garapen bidean dagoen plan hark hiriaren birmoldatze sakona aurreikusten zuen, aurrekoa 1960ko hamarkadan egina izanik, etenda baitzegoen Donostiaren garapen urbanistikoa azken hamarkadetan. Era berean, 1960-1970 hamarkadetako kontrolik ezaren ondoren –garai horietakoak dira Donostiako auzorik jendetsuenak eta okerren hornituak–, ia ez zen eraikitzeko baimenik ematen, eta horrek ezin hazita zeukan hiria. 1990eko hamarkadaren lehenengo urteetan hasi zen Donostia geldiune horretatik irteten, eta orduz geroztik izugarri hazi da, nahiz eta biztanleria ez den handitu urbanizatu diren eremu berrien erritmo berberaz eta etxebizitza den, oraindik ere, donostiarren arazo nagusia. Nolanahi ere, auzo ugari gehitu zaizkio Donostiari azken hamar-hamabost urteetan, eremu ugari urbanizatu baitira etxebizitzak eraikitzeko: Ondarreta, Benta-Berri, Errotaburu eta Berio –besteak beste– Ibaeta-Antigua inguruan; Intxaurrondo izen bereko auzoan; Amara-Osinaga eta Loiolako Erriberak Amara aldean… Batez beste, 1.000 etxebizitza eraikitzeko baimenak eman dira urtero azken urteetan, horietako asko babes ofizialeko etxebizitzak egiteko. Horretaz gainera, era guztietako hornidura ugari sortu da Donostian Plan Orokorra indarrean jarri zenetik. v Artea. 1813ko sutearen aurreko hiru monumentu nagusi gorde ditu Donostiak: San Bizenteko eliza gotikoa (1507. urtean eraikitzen hasia), San Telmoko monasterioa (1531-1551) eta Santa Mariako eliza barrokoa (1743. urtean eraikitzen hasia). San Bizente eta Santa Mariako elizak XI. mende aldera jasoak ziren antzinagoko bi elizen lekuan eraiki ziren. Lehenengoa azken gotikokoa da, euskal gotiko izeneko estilokoa. Bigarrena atari barroko bikain batez hornitua da. Hiriko parte zaharrean daude biak, eta baita San Telmo domingotarren komentua ere; eliza eta klaustro ikusgarriak ditu, eta egun izen bereko museoa dago bertan. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran eraiki ziren Artzain Onaren katedrala (1888-1897) eta Gros auzoko San Ignazio eliza (1892-1928) gotiko berrikoak biak. Eraikuntza zibilen artean, aipagarriak dira Udaletxe zaharra, eraikuntza neoklasikoa, (1828, egungo Udal Liburutegia), Udaletxea, lehen Kasinoa zena, Montecarloko kasinoaren antzera egin zen eraikuntza (1887), Aldundiaren jauregi klasizista (1885), Victoria Eugenia antzokia (Francisco de Urcola arkitektoak egina, 1912an inauguratua), Bretxako azoka. Nabarmentzekoa da halaber, egiturak duen arkitektura baliogatik, hiriaren gaurko erdialdea, Antonio de Cortázar-ek egina, XIX. mende bukaeran. Monumentu modernoei dagokionez, aipagarriena Haize Orrazia da, Txillida eskultoreak eta Peña Ganchegui arkitektoak egina. v Hizkuntza. Donostiarren berezko eta jatorrizko hizkuntza euskara da, Beterriko euskara. Gainerako euskal herri guztietan bezala, erdal hizkuntzak hasiera-hasieratik nagusi izan ziren administrazio eta merkataritzako idatzietan, baina ez zuten harremanetan nagusi zen hizkuntza, euskara, baztertu. XII. mendetik aurrera Donostian egokitu ziren gaskoiak beren hizkuntzaz baliatu ziren merkataritza harremanetan, izen franko asko zuten bertako toponimian eta hitz-ordain ugari euskara mintzatuan. XII. mendetik aurrera gaskoi jatorriko biztanleak nabarmendu ziren Donostiako administrazio eta epaitegietan eta gaskoia luzaroan erabili zen bigarren mailako hizkuntza ofizial gisa, latinaren eta gaztelaniaren ondoren. Eremu garrantzitsu hauetatik kanpora, gaskoiak ez zuen inoiz ere euskararen lekua hartu, eta Donostiako gaskoiak gaskoi euskaldunak zirela esan daiteke. XVIII. mende bukaeran ez zen gaskoi hiztunik Donostian, bai ordea Pasaian. Gaztelania, errege gizonen mintzaira, hizkuntza ofiziala izan zen Donostian Gaztelako hizkuntzak administrazioan latinaren lekua hartu zuenetik. Gaskoia bigarren mailako hizkuntza gisa geratu zen, eta euskarak administraziotik kanpoko hizkuntza nagusi izaten jarraitu zuen. XIX. mendearen bigarren erdialdean areagotu zen gaztelaniaren hedadura eta XX. mendeko lehen hogeita hamar urteetan nabarmen murriztu zen euskararen erabilera Donostiako kalean. Hala ere, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baiona hirien aldera, Donostia da euskara hobekien gorde duen hiriburu handia. Euskararen bilakaerari dagokionez, esan beharra dago Donostiako Udala aitzindaria izan dela udalerri mailako Euskararen Plan Orokorra sortzen eta ezartzen. Euskarak hirian zuen egoeraren diagnostikoa egin ondoren, eta Donostiako hainbat erakunde eta sektoreren ekarpenak jaso ondoren, behin-behineko onarpena eman zion Udalak 2001. urtean behin betiko onartzekoa zen egitasmoari. Plan horrek euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntzaren egoera normalizatzeko beharrezkotzat jo ziren 200 ekintzatik gora aurreikusten ditu, 2001-2005. urteen artean garatzekoak. 2001eko datuen arabera, nolanahi ere, gehiago ziren Donostian erdaldunak euskaldunak baino, 64.438 erdaldun eta 60.415 euskaldun baitzeuden, eta 49.184 ia-euskaldun ere. v Komunikabideak. Gipuzkoa herrialdeko hiriburua baita, Donostiak komunikabide asko eta erosoak ditu. Burdinbideak zuzenean lotzen du Madrilekin, eta Parisekin eta burdinbide estu batek Bilborekin eta Hendaiarekin. Autobide batek elkartzen du Donostia Bilborekin (Burgos-Madril) eta Baionarekin (Paris). Donostiatik abiatzen da Goierri osoa igaro eta Gasteizerako bidea erosoago egiten duen autobidea. Iruñerako eta Nafarroarako komunikabideak bihurriagoak izan dira orain arte, baina Irurtzun-Andoain autobideak erraztuko du bide hori. Pasaia da Donostiako merkataritza portua. Donostiako eta Gipuzkoako aireportua Hondarribian dago eta mugatua da guztiz. v Ekonomia. Donostiaren egitura ekonomikoari dagokionez, zerbitzuek ekartzen zuten 1996ko datuen arabera udalerrian sortutako balio erantsiaren % 80, Gipuzkoako batez bestekoa baino 27 puntu gehiago. Industriak % 14,7 baino ez zuen ekartzen, eta gainerakoa eraikuntzaren eta lehen sektorearen artean banatzen zen, azken jarduera hori oso murritza bazen ere. Administrazioguneez gainera, merkataritza guztiz garrantzitsua du: Donostia Gipuzkoatiko (Nafarroako mendialdea) merkataritzagune nagusia da. Horrez gainera, Donostiara bildu dira azken honetan finantza eta unibertsitate munduko erakunde nagusiak. Donostia kultura eta turismo hiri garrantzitsua da: Musika Hamabostaldia, Zinemaldia, Jazzaldia, batzarrak, arte erakusketak eta molde askotako emanaldiak. Inguruak eta bere hondartza ospetsuek Euskal Herriko turismo hiri nagusi bihurtu dute. Turismo eta zerbitzu hiria izaki, Donostiako eraikuntzak berebiziko garrantzia du: Donostiako etxebizitzak Euskal Herri osoko garestienak dira. Nekazaritzaren pisua asko gutxitu da eta garai bateko landa eremu asko hiritartu da hiria zabaltzearren (Altza, Loiola, Martutene, Aiete, Antigua, Igeldo eta Añorga). Arrantzak ez du aparteko garrantzirik: Donostiako portua txikia da eta ohiko moldeei guztiz atxikia. Arrantzontziak txikiak dira eta baxurako arrantzan jarduten dute (legatza, bokarta). Donostiako portuak aspaldian galdu zuen garai bateko merkataritza jarduera, eta egun turismorako eta aisiarako zerbitzuak antolatu dira bertan. Punta-puntako jarduera industrialari lotutako azpiegiturei dagokienez, Zuatzu enpresagunea eta Miramon Teknologia Parkea aipatu behar dira. Aldirietako (Añorga, Antigua, Gros eta Herrera) industriaguneetan hamar mila lagunek lan egiten dute. Garrantzi berezia dute janari industriak, kimika industriak, makineriak eta zementuak. Donostian hain garrantzitsua den hirugarren sektoreari dagokionez, berriz, turismo profesionalari lotutako Kursaal Jauregia, merkataritzagune berriak –Garberako merkatalgunea, esaterako– eta merkataritza tradizionala hobetzeko saioak –Gros, Bretxa eta San Martin udal azoken zaharberritzeak eta oinezkoei eskainitako kaleen ugaltzea, besteak beste– aipatu beharko lirateke. Kirolari, aisiari eta kulturari dagokionez, auzoetan garatu diren hornidura berriak aipatu gabe –auzoetako kiroldegi eta kultura etxeak, batez ere–, Aquarium eraberritua, Anoeta Kiroldegia izeneko kirolgune zabala, Ilunbe zezen-plaza eta aisiagunea eta Kursaal Jauregia bera ere aipatu behar dira, azken hori Donostian egiten diren kultura jarduera nagusien (Musika Hamabostaldia eta Nazioarteko Zinemaldia, besteak beste) egoitza bilakatu baita ireki zenetik. Aipatzekoak dira, halaber, maila zabalagoko azpiegiturak, hala nola Donostiarako sarbideen aldaketa, Zurriolako hondartza eraberritu eta handitua eta ur garbiketa eta isurketa sistema, Gipuzkoako hiriburuak azken urteetan bidean jarri duen egitasmorik garestiena. Donostian garrantzi handia duten kulturarekin eta turismoarekin lotutako jardueren kudeaketa modua ere aldatu egin da azken urteetan, turismo profesionala kudeatzeko Convention Bureau elkartea sortuz eta Zinemaldia eta Kursaal Jauregiaren kudeaketa, esate baterako, horretarako sortutako fundazioen esku utzirik. Aipatzekoa da, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Ibaeta auzoan duen campusaren garapena. ■ Ziklo ekonomiko onari eta hiriaren ehun ekonomikoaren berriztatzeari esker, behera egin du nabarmen langabeziak Donostian azken urteotan. Estatuko Enplegu Bulegoaren (INEM) datuen arabera, 2000. urteko martxoaren 31n 7.000 inguru langabe zeuden Donostian erakunde horretan izena emanda, aurreko urtean baino ia mila gutxiago. Urte baten buruan, beraz, % 12,8 jaitsi zen langabeen kopurua. v Historia. Donostia barduliarrek hartu zuten eremuaren ipar-ekialdean dago, Bidasoa eta Oiartzun ibaien ertzetan zeuden baskoien lurraldearen mugan. Historialari erromatarrek aipaturiko Oiasso hiri baskoia Oiartzun eta Bidasoa ibaien bokaleetan zegoen eta, horregatik, Donostia Easo izenaren bidez Oiassorekin bategiteak ez du, historiaren argitan, inolako zentzurik. Donostiako hiriaren jatorria ez da guztiz argitu. Badirudi X. mendean egungo Donostiari dagozkion eremuak Hernaniko haranekoak zirela. San Sebastianen, Donostiaren, izena zeraman monasterio bat zegoen Antiguan eta berari zegokion hiria, Izurun izenekoa, itsasaldeko Donostia bera bide zen. Nolanahi ere, garbi dago Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregeak hiri gutuna eman baino lehen (1150-1164), hiri eta portu sendoa zela Donostia. Antso VI.ak emaniko hiri gutunetik bi ondorio nagusi atera daitezke. Batetik, Donostia, Nafarroako koroaren mendeko eremua zen, Deba ibaia bitarterainoko Gipuzkoako lurralde guztiak bezala. Nafarroako erregeekiko harreman hauek erabat hautsi ziren urte batzuk geroago (1200), Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Gipuzkoa bere egin zuenean. Bestetik, Donostia hiri sendoa zen harrezkero, bere mende geratu baitziren Beterriko lurralde gehienak (Andoaindik Irunerainoko lurrak). Eta nagusitasun horretan zerikusi handia izan zuten gaskoiek. v Donostiako gaskoiak. Donostian, baita Pasaian ere, mendeetan zehar ahoz aho igaro den tradizio baten arabera, gaskoiek sortu zituzten hiri horiek. Baiona, Lapurdiko hiri gaskoia, Nafarroarekiko salerosketan ziharduen portu nagusia zen, eta 1100. urte aldera, Baionako barrak Aturri ibaiaren bokalea itsutu ondoren, baionesek Gipuzkoako ekialdeko itsasaldera jo zuten (Hondarribia, Pasaia eta Donostia), Nafarroarekiko trukean jarraitu ahal izateko. Baionako itsas merkatari gaskoiak egokitu ziren, beraz, Beterriko kostaldean, eta Donostia aukeratu zuten portu nagusi, Nafarroa barrenerako bidea erosoago izaki handik abiatzen zena. Antso VI.a erregeak emaniko hiri gutunak frankoen foruaren bitartez aitortu zien gaskoiei, gainerako hiritarrei bezala, merkantziaren eta salerosketaren gaineko zerga berezirik ez ordaintzeko eskubidea, Gaztelako erregeek, Alfontso VIII.etik aurrera, egin zuten bezala. XII. mendean hainbat alditan saiatu zen Baionako apezpikua, Gipuzkoako gaskoiek bereziki eskatuta, Donostia eta Hernani aldeko lurraldeak bere eliz barrutira eramaten (Bidasoa eta Oiartzualdea halakoak ziren), baina une batzuetan baizik ez zuten asmo hura bete. Gaskoiek bultzaturik eraiki bide ziren, halaber, San Bizenteko eta Santa Mariako elizak. Donostia eta Gipuzkoa Gaztelako koroaren mende geratu zirenean (1200), Nafarroako erresumak bizkortu egin behar izan zituen, berriro ere, Aturri ibaiaren bokalea iparralderantz desbideratu behar izan zuten Baionako merkatariekin (Baionak hizka-mizka handiak izan zituen luzaroan Capbretonekin, bi hirien arteko itsasbazterrak zirela eta). Jatorri gaskoieko biztanleak nabarmendu ziren hurrengo mendeetan Donostiako merkataritzan, administrazioan eta gobernuan, eta gaskoia Donostiako hizkuntza ere izan zen, euskararekin batera, XVIII. mendera arte. v Donostiako merkataritza eta militarrak. Gaztelako erregeek emaniko pribilegioei esker, Donostia merkataritza hiri xume baina oparoa bihurtu zen. Horrez gainera, ordea, gotorleku militar sendo batez hornitu zuen hiria Gaztelako koroak, Nafarroako eta Ingalaterrako koroaren mendeko lurraldeen mugan izaki. Donostia militar eta merkatari hiria izan zen luzaroan. Arabiarren aurkako gerran, Gaztelako koroari emandako laguntzaz gainera, donostiarrek esku hartu zuten Gaztelako armadak 1372. urtean Arroxela ingelesen gerraontzien aurka lortu zuen garaipenean. Gaztelako erregeei leial izanez betiere, Donostiak aurre egin zien Nafarroako koroaren alde ziharduten oste nafarrei eta frantsesei (1512-1558) eta leial iraun zuen; 1521. urtean Gaztelako komuneroek erregearen aurkako matxinadan parte har zezala eskatuz egin zioten eskabideari ezezkoa eman zion. XVII. mendean, donostiarrek esku hartu zuten Frantziako eta Espainiako koroen arteko gatazketan eta 1636. urtean, Lapurdiko Hendaia, Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizune hartu zituzten. Pirinioetako Bakeak (Irun, 1659) amaiera eman zion gerra giro honi. Bestalde, Gaztelako erregeek emaniko pribilegioez baliatuta, Donostiako portuak Bilborekin eta Baionarekin lehian jardun zuen, haiek baino garrantzi gutxiagokoa izanagatik ere. XV. mendean erabat berritu zen portua eta, kaiaz gainera, azoka bat antolatu zen. 1489. urtean sortu zen Santa Katalina izeneko itsasgizonen kofradia. Donostiaren eta inguruko herrien eta portuen arteko harremanak ez ziren beti xamurrak izan. Militar hiria izaki eta plazaren hornidura ziurtatzearren, Donostian lehorreraturiko salgaien erdia Donostian bertan saltzeko agindua eman zuen errege dekretu batek 1376an. Neurri honek indarrean iraun zuen 1749ra arte eta garrantzi handia izan zuen, Pasaiako eta inguruko herrietako merkatarien eginbidea arras oztopatzen zuelako. XVIII. mendera arte, Donostia, bere mende zegoen Pasai San Pedrorekin batera, Gipuzkoako merkataritza portu garrantzitsuena izan zen. Gipuzkoako beste portuetan bezala, bertako ontziak balea eta bakailao arrantzan ibili baziren ere (XVI. eta XVII. mendeetan bereziki), Donostia izan zen Gaztelako artilearen garraioan jardun zen portu nagusia. Hala ere, Bilbok, Urduñako bidea urratu ondoren, eta Baionak (Nafarroa eta Aragoiko merkatariek hobetsi zuten portua) bigarren mailan utzi zuten Donostiako portua. v Donostia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak. XIII. mendetik aurrera, Donostia Kantauri ekialdeko portuen arteko hermandade batzuetako kidea izan zen. 1296. urtean, donostiarrek adiskidetasun hitzarmena izenpetu zuten Hondarribia, Getaria, Bermeo, Laredo, Santander eta Castro Urdiales herriekin. Gasteizko hiriak ere parte hartu zuen hermandade horretan. 1353an Baionarekin egin zuten donostiarrek gisa bereko hitzarmena, Hondarribia, Getaria, Mutriku, Castro Urdiales eta Laredorekin batera. Baina, berandu hasi zen parte hartzen Donostia Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 1397koa baita horrelakorik berresten duen dokumentu zaharrena. Gaztelako erregearen mendeko herribildua izaki, Donostiako ordezkariak Burgosko eta Madrilgo gorteetara joan izan ziren urte haietan. XV. mendetik aurrera, Donostiak bere ordezkaritza izan zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta, geroago, Gipuzkoako Batzar Nagusietako hiri (diputatu nagusiaren egoitza) bihurtu zen, Azkoitia, Azpeitia eta Tolosarekin batera. Donostiako ordezkaritzak pisu handia izan zuen batzarretan; hala ere, Donostia ez zen XIX. mende erdialdera arte baizik Gipuzkoako hiriburua izan (1854) eta bertako burgesia ez zen behin ere, foruek zutik iraun zuten artean, Gipuzkoako beste herrietakoa baino askoz indartsuagoa izan. v XVIII. mendeko Donostia. Donostiak militar hiria izaten segitu zuen, baina berealdiko bultzada eman zion merkataritzari XVIII. mendean, aurreko mendean izandako krisiaren ondoren. 1682. urtean Kontsuletxe bat sortu zuten Donostian, bertako merkataritza bizkortzearren. Erabakia errezeloz jaso zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, erakunde horrek Donostiako eta Gipuzkoako erakundeetatik berex jardungo ote zuen beldurrez. Beste zerbait behar zuen gainera Donostiako burgesiak, hiriko merkataritza bizkortuko bazen, eta 1728. urtean bertan egokitu zen Gipuzkoako handikiek bultzaturiko Caracas-ko Gipuzkoako Errege Konpainia, Venezuelarako eta Antilletarako merkataritzan monopolioa eskuratu zuen konpainia. Proiektuak Batzar Nagusien onespena jaso zuen eta Donostia lehen mailako merkataritza hiri bihurtu zen, bertako ontziek Atlantikoaz bestaldera eginiko bidaldi bakoitzeko Cadizko portua jo behar bazuten ere. 1751. urtean Madrilen egokitu ziren Konpainiako zuzendaritza eta egoitza nagusia, eta hala ere, Kontsuletxeak eta hiriko udalak Donostiak Ameriketako merkataritzan zuzenean aritu ahal izateko ahalmena eskatu zioten erregeari. Baina halako eskaerek ezezkoa baizik ez zuten jaso 1832ra arte. Arazo militarrak ere izan zituen Donostiak XVIII. mendearen hasieran. 1719ko uztailean, Donostiak Berwickeko Dukearen osteei zabaldu zizkien ateak, eta bertan egon ziren frantsesak 1721era arte. 1793. urtean, Donostiaz jabetu ziren Frantziako osteak Konbentzioko gerran, bertako biztanleek aurre egin ez zietelarik, eta 1795. urtean utzi zuten hiria, Basileako Bakearen ondoren. v Donostiako sutea eta hiri berria. 1808ko martxoan, Napoleonen osteek Donostiako hiria hartu zuten eta bertan geratu ziren 1813ra arte. Espainiako Independentziako Gerraren garaia zen. 1813. urtean, Wellingtongo dukea buru zutela, oste ingelesek eta portugesek hiria setiatu eta Bretxatik sartu ondoren erre eta birrindu egin zuten. 600 etxetik gora erre zen eta bertako artxibo eta dokumentu guztiak betiko galdu ziren (1813ko abuztuak 31). Hiria guztiz berritu behar izan zen, eta xede hori hartuta bildu ziren donostiar guztiak, bertako burgesia liberala zutela gidari. Espainiako monarkia liberalari bereziki lotua baitzen, Donostiak aurre egin zion 1835. urtean matxinada karlistari, eta setiatuta egon zen urte hartako azarotik 1836ko maiatzera arte. Lehen karlistada bukatu ondoren, areagotu egin zen Tolosaren eta Donostiaren arteko lehia probintziako hiriburua izateko, eta Donostia Gipuzkoako hiri nagusi bihurtu zen 1854. urtean. Madrilgo gorteak udako egoitzatzat aukeratu zuen Donostia urte haietan, eta, horren inguruan, Espainiako estatuko lehen turismo hiria bilakatu zen. Euskal Herriko bigarren karlistadan, liberalei loturik zirauen Donostiak karlisten setioa eta bonbardaketak pairatu zituen 1875eko irailetik 1876ko otsailera arte. Hiri euskalduna izaki, bertako liberalek euskararen eta foruen alde egin zuten, beste lekuetan ez bezala. Bigarren karlistadaren ondoren, hiria hedatu egin zen, eta industrializazioak bete-betean harrapatu ez bazuen ere, XIX. mende bukaeran agertu ziren Donostian lehen talde sozialista eta anarkistak. Sabino Aranak bultzaturiko abertzaletasuna ez zen, ordea, 1930. urte ingurura arte benetan zabaldu. 1936an gerra hasi zenean, Gipuzkoa, Donostiako Loiolako kuarteletan zeuden militarrak izan ezik, Espainiako errepublikari leial jarraitu zitzaion. Donostiako miliziek errendiarazi bazituzten ere, Mola eta Beorlegui militar frankistek gidaturiko osteek Irungo frontea gainditu eta 1936ko irailaren 13an hartu zuten Gipuzkoako hiriburua. Donostia Euskal Herriko hiri eder eta nagusietako bat da gaur egun. Kulturagune eta turismogune guztiz garrantzitsua da; bertara bildu dira euskal argitaletxe gehienak eta bera da euskaldun gehien duen hiria. ■ Politikaren alorrean, Donostian azken urteotan, indar ez abertzaleek gora egin dute. 1991. urteaz geroztik, Odón Elorza sozialista da Donostiako alkate. 1991n, halere, aurreko lau urteetan ere alkate izandako Xabier Albistur (EA) buru zuen zerrendak eskuratu zuen boto gehien, baina alkatetza eskuratzeko adina bozka lortu ez zuenez gainerako alderdien arteko akordioaren arabera PSE-PSOEko hautagaiak lortu zuen alkatetza. 1995ean, berriz, PPrena izan zen boto gehien lortu zuen zerrenda (22.611 botorekin, sozialisten 21.677 botoen aldean), baina orduko hartan ere Odón Elorza hautatu zuten alkate. 1999ko udal hauteskundeetan, ordea, zerrenda sozialista izan zen udal hauteskundeetan boto gehien lortu zuena, eta Odón Elorza berretsi zuen karguan hauteskunde haietatik irtendako udalbatzak. Hauek izan ziren 1999ko udal hauteskundeen emaitzak Donostian: PSE-EE, 29.573 boto eta 9 zinegotzi; EAJ-EA, 23.003 boto eta 7 zinegotzi; PP, 20.508 boto eta 6 zinegotzi; EH, 19.265 boto eta 5 zinegotzi. 2007ko udal hauteskundeetan ere PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeak 27.786 botorekin, eta Odón Elorzak jarraitu zuen alkatetzan; PPk 15.862 lortu zituen, EAJ-EAk 12.768 eta EAk 6.181.