Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Donibane Garazi

Nafarroa Behereko hiriburua, izen bereko kantonamenduan dagoena. Saint-Jean-Pied-de-Port du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Izpura, ekialdean Donazaharre eta Zaro, mendebalean Anhauze, eta hegoaldean Uharte-Garazi. 2,73 km2 eta 1.511 biztanle (2005. urtea, doniandarrak). Auzo nagusiak: Portaleburu, Eiheraberri eta Zubianabarre. Errobi ibaia igarotzen da bertatik. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza, abeltzaintza eta zerbitzuak dira. Erdi-Aroko babes-hiria da, eta beraz, garai hartako ezaugarri guztiak ditu: XI-XII. mendeko gaztelua, «Beziau» etxea, XIII. mendeko St. Michel (Egungo Espainia karrika eta inguruak) auzoa, XIII-XIV. mendeko «Apezpikuen presondegia» delakoa, XVII. mendeko herribildua, XI-XII. mendeko Ugandeko Santa Eulalia parrokia eliza, etab.  v  Historia. Donibaneko edo Donibane Garaziko lurraldeko hiriburua izan zen hasieran. Garazi Akitaniako dukearen mendean egon zen XII. mende bukaera arte. Nafarroako erresumako lurralde bihurtu ondoren, bertako gazteluan egokitu zen erregearen ordezkaria. XIII. mendearen hasieran, Nafarroako erregeak hiria sortu zuen gazteluaren inguruan, eta Baionako foru eta merkaturako eskubideez hornitu zuen. Ordainean, biztanleek harresiak eraiki zituzten. Handik aurrera, Nafarroako gorteetan ordezkaritza zuzena zuten hirietakoa izan zen Donibane Garazi. Garaziko hiria bazen ere, maila juridikoan guztiz berex zegoen eta herriko lur eta mendiei buruzko auziak tratatzen zirenean baizik ez zen biltzen Garaziko beste herriekin. 1383. eta 1417. urteen bitartean, Donibane Garazi Avignon-go Aita Santuaren mendeko apezpikuaren egoitza izan zen. Baionako apezpikua Erromakoaren aginduetara zegoen. XVI. mendearen hasieran, Fernando Aragoiko erregeak Nafarroa konkistatu zuenean, espainiar osteek hartu eta utzi behar izan zuten hiria. 1530era arte egon ziren bertan Nafarroako errege-erreginak eta gortea. XVII. eta XVIII. mendeetan, harresietatik kanpora zabaldu zen hiria. XVII. mendean, gotorleku bihurtu zuten Nafarroako erregeen jauregia. Frantziako Iraultzaren garaian Nive Franche izen arrotza eman zioten Donibaneri. Iraultzaren ondoren, Donibane Garazik erabat galdu zuen aurreko garaietako nagusitasun hura, Nafarroa Behereko hiri garrantzitsuena izaten segitu bazuen ere. Egun, Nafarroa Behereko hiriburua da Donibane Garazi.