Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Donemiliaga

Arabako udalerria (Arabako Lautada). San Millán-Donemiliaga du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Oñati (Gipuzkoa), Zalduondo eta Asparren, ekialdean Asparren, mendebalean Agurain eta Barrundia, eta hegoaldean Entziako partzuergoa. Altuera, 600 m. 89,80 km2 eta 701 biztanle (donemiliagarrak). Herrigune hauek osatzen dute udalerria: Adana, Aspuru, Egilaz, Galarreta, Luzuriaga, Txintxetru, Mezkia, Munain, Okaritz, Ordoñana (herriburua), Ulibarri, Bikuña, Zuazu Donemiliagakoa, Narbaja eta San Roman. Zadorrako ibaia igarotzen da udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. Hizkuntza banaketa, 1996an: 86 euskaldun, 91 ia euskaldun eta 507 erdaldun. Jende ugari Aguraingo eta Araiako industrietara joan ohi da langile; bertako ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza eta abere hazkuntza dira.  v  Historia. Donemiliagako hamabost herriguneek Donemilagako hermandadea osatzen zuten, nahiz eta Aguraingo alkatearen mende egon. Hermandadeko hiriburua Ordoñana zen eta bertan zeuden Udaletxea eta Artxibategia.