Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Descartes, René

Filosofo eta matematikari frantsesa (La Haye, Touraine, 1596 – Stockholm, 1650). Jesuitetan ikasi (La Flèche, 1606-1614) eta batxilergoa eta Zuzenbide agiria lortu ondoren (1606), Holandan ibili zen soldadu, Orange-ko printzearen agindupean. Bavariako dukearen soldadu gisa Europa osoan ibili ondoren, Parisa joan (1625-1628) eta Regulae ad directionem ingenii (Izpiritua gidatzeko arauak) obra idatzi zuen bertan (1628). Holandara jo zuen gero (1629), eta hantxe egin zituen hogei urte. Galileoren kondenaren ondoren (1633) ez zen bere Traité du monde (Munduari buruzko tratatua) argitara ematen ausartu. Alabaina, 1637. urtean azaldu ziren Discours de la méthode (Metodoaren diskurtsoa) eta obra hori osatzen zuten hiru saiakerak, (Dioptrique, Météores eta Géométrie). Hauen ondotik azaldu ziren Méditations métaphysiques (Metafisika gogoetak, 1641), Principes de philosophie (Filosofiaren oinarriak, 1644) eta Passions de l’âme (Arimaren grinak, 1649). 1649. urtearen amaieran Suediara joan zen, bertako Kristina erreginak deituta. Hurrengo urtean hil zen Descartes alborengoak jota (1650). v Aurreko eskolastikarekikoak etenez, Descartes-ek giza arrazoia baizik ez zuen onartzen zientzian. Silogismo eskolastikoak erabat kritikatuz, oinarri matematikoa zuen metodoa proposatu zuen. Matematikaren erabilpenak geometria analitikoaren sorrera ekarri zuen eta aljebra aplikatu zion antzinakoen geometriari. Matematikaren bitartez zehaztu ahal izan zuen errefrakzio legea optikaren alorrean. Lege hau bera aplikatu zuen, ez akatsik gabe, beste alor batzuetan (biologian, medikuntzan, psikofisiologian —makina-animaliaren teoria—) eta geometria mekanismo baten oinarriak zehaztu zituen. Era berean, jakintzen garapenak filosofia molde berri baten oinarri sendoa behar zuen Descartesen ustez. Zalantza metodikoak (era guztietako aurretikako iritzien aurrean jarrera kritikoa) «Je pense donc je suis» («Pentsatzen dut, beraz banaiz») hartara eraman zuen, bere sistemako lehen egia gisa. Descartes-en arabera, egia hartatik datoz, berezko ideien teoriari jarraituz, gainerako egiak: arimaren eta gorputzaren arteko berezitasuna, Jainkoaren izatea. Descartes, beraz, idealismo modernoaren sortzailea izan zen, subjektuan oinarrituriko filosofia urratu zuen eta, era berean, materialismo mekanizista geometrikoari bidea eman zion filosofiaren alorrean. Teoriaren zorroztasuna eta praktikaren arrazionaltasuna dira pentsamendu horren batasunaren oinarriak. Descartes-en iritziz, filosofia bera zuhurtasunaren ikerketa eta On Gorenaren bilaketa da. Giza grinak menderatu eta zuzendu behar zirela zioen modu berean, izadiaren jabe eta maisu bihurtu zuen gizona, zientziari eta teknikari behar zuten garrantzia eman zielako. Descartes-en filosofiak (kartesianismoa) berebiziko eragina izan zuen Europan XVII. mendean.