Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

denbora

iz. Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea. ik. aldi. Iraganez doa beti denbora. Denbora neurtzeko tresnak. || Delako bitarte horren zati mugatua. Denbora apur bat nahi luke, eta denbora ukatua zaio. Zerbait egiteko behar den denbora. Ez du horretarako denborarik. || Denbora-pasa. a) iz. Denbora atseginez igaroarazten duen zera. Izkimiriak eta denbora-pasak. b) adlag. Denbora igarotzeko. Denbora-pasa ari da. || Denborazko. Denborazko perpausak. || Segida baten unetzat hartua, «lehen» eta «gero» baten artean. ik. garai. Denbora bateko kontuak. Denbora da ezagutzeko zertan den zure zoriona. || Eguraldia.
 v  Denbora fisikan eta filosofian. Aldi neurtua edo neurgarria da denbora, espazio dimentsiorik gabeko jarraipenaren kontzeptu abstraktua. Denborarekin aldaketa dakarren edo ematen duen gertaera bat erreferentzia gisa harturik (lurraren biratzea esaterako), eskala bat egin daiteke denbora zati berdinetan dimentsio gisa banatzeko (segundo, minutu, ordu, egun, aste eta abarretan). Denborak ikerketa ugari sortu du filosofian, matematikan eta zientzietan ere.  v  Denborarena kontzepturik ezagunena eta ohikoena izateaz gainera, iheskorrenetakoa ere bada definitzerakoan, ezin baitzaio definizio soil eta argirik eman. Arazo horren aurrean, filosofoek bi galdera zabal eginez ikusi dute denbora ulertzeko modua: zein da denboraren eta mundu fisikoaren arteko erlazioa? Eta zein da denboraren eta hartaz jabetzearen arteko erlazioa? Denbora aztertzerakoan, bi ikuspegi nagusi izan dira: absolutista eta erlazionista.  v  Isaac Newtonek, denboraren teoria absolutista hartuz, erantzun zuen denbora gordailu baten antzera dela, bere barruan unibertsoa biltzen duena eta aldaketak gertatzen direna. Denboraren izateak eta ezaugarriek ez dute zerikusirik unibertso fisikoarekin. Unibertsorik ez balitz ere, denbora izango litzateke. Denborak ez du hasierarik, ez amaierarik, lineala eta etengabea da. Filosofia hutsaren bidetik eta inolako zientzia ikerketetan oinarritu gabe eman zitzaizkion denborari ezaugarri horiek. Horren kontrako teoria erlazionistaren arabera, ordea, denbora aldaketetara muga daiteke. Denbora, unibertso fisikoan, ez da beste ezer aldaketa baizik; denborari buruzko hipotesi guztiak unibertso fisikoari buruzko hipotesietara itzul daitezke. Horren ondorioz, «denborak ba al du hasierarik?» galdera, egin daiteke beste era honetara: «unibertsoaren historian izan al da lehen gertaerarik?» Bestalde, denboraren ezaugarriak zientifikoki aztertu behar dira. XX. mendean, Einsteinen teoriaren ondorioz gauza jakintzat hartu da denbora ezin daitekeela espaziotik aparte aztertu. Hori dela eta, filosofoek espazioa eta denbora jarraipen edo continuum modura ulerturik aztertzeko joera erakutsi dute. Denbora-espazio batasunaren denborazko ezaugarriak haren espaziozko ezaugarrietatik desberdintasun handi samarrak izanez segitzen badute ere, bada elkarrekiko mendekotasun bat, neurtzeko kasuan agertzen dena: erloju batek denbora bitarte batez egiten duen neurketa, erlojua bera mugitzen den bidearen eta lastertasunaren araberakoa izaten da. Absolutisten eta erlazionisten arteko eztabaida nagusiak oraindik irauten du, ordea; filosofo batzuek diote Einsteinen erlatibitatearen teoriek erlazionisten teoriak alde jokatzen dutela; beste batzuen ustean, berriz, teoria absolutisten alde jokatzen dute haren teoriek. Denboraren eta hartaz jabetzearen arteko erlazioari dagokion funtsezko arazoa da ea denbora edo denborazko ezaugarriak noraino dauden, batere baldin badaude, beroriez jabetutako izakien mende; izan ere, agian zentzuzko ideia baita, ohartasunik gabe ere, gertaerak lehen eta gero bidezko erlazioak erabiliz deskriba daitezkeen ordena batean gertatuko liratekeela. Baina agian ez da horrela. Normalean denborazko gertaerak iragan, orain eta gero ideien bitartez pentsatzen ditugu, eta filosofo batzuek gogoaren mendekotzat hartzen dituzte ideia horiek. Hauek argudiatzen dute zerbait gertatzen ari dela, gertatu dela edo gertatuko dela esatea, une horretako norberaren ohartasun egoerarekin batera edo hori adierazteko egintzarekin batera, hura baino lehenago edo geroago, gertatzen dela esatea dela. Eta hortik arrazoitzen dute izaki ohartunik ez balitz ere, ez litzatekeela iraganik, ez orainik, ez gerorik. Iragana, oraina eta geroa giza gogoaren proiekzio subjektiboak besterik ez direlako ideia horrek fisikan aurkitu du defentsarik; izan ere, ustea zen ideia horiek ez dutela inolako paperik jokatzen fisikan, baina atomoaren partikulen eremutik jaso berri diren aztarnek kezka sortu dute ea denborak simetriarik ba ote duen fisikako prozesuetan. Lehen aipatutako ideiak gogoaren mendekoak baldin badira, hala dira bilakatze prozesuak ere, eta horrenbestez, etorkizun zen gertaera, oraingo bilakatzen da eta ondoren iraganeko. Beste filosofo batzuek argudiatzen dute ez dela benetako denborarik bilakaerarik ez bada. Denbora subjektuaren ohartasunetik edo somakeratik aske dela sinetsiz, iragana, oraina eta geroa munduaren ezaugarri objektiboak direla baieztatzen dute, eta bilakaerarik izango litzatekeela, hartaz ohartzen den izakirik ez balitz ere.  v  Denbora neurtzeko beharrezkoa da erreferentzia sistema zehatz bat finkatzea, zernahi gertaera noiz gertatzen den adierazteko, garai bat adieraziz eta denbora bitarte jakin bat finkatuz, esate baterako. Astronomia eta gizartea oro har garaiez eta denbora bitarteez arduratzen dira, eta fisikak berriz ia-ia denbora-bitarteekin bakarrik jokatzen du. Denbora-bitarte unitate nagusia segundoa da. Erreferentziako denbora eskala bat finka daiteke, denborarekin aldaketa dakarren edo ematen duen gertaera bat, Lurraren biratzea edo pendulu baten mugimendua esaterako, oinarri gisa hartuaz. Orokorrean baliagarria izan dadin, denboraren zenbaki-balio berbera edo oso bertsua eman beharko luke Lurreko edozein lekutan. Lurraren biratzeak betetzen du baldintza hori baina penduluaren mugimenduak ez.  v  Denbora neurtzeko, hiru sistema nagusi erabili dira: Eguzkiarena, Eguzkiaren batez bestekoa eta argizagi denbora.  v  Eguzki denbora. Lurrak Eguzkiarekiko duen biratze mugimenduaz neurtutako denbora.  v  Batez besteko eguzki denbora. Lurra urte guztian aldagabeko lastertasunez mugituko balitz Eguzkiarekiko neurtuko litzatekeen denbora; erloju eta ordulari gehienek adierazten dutena.  v  Argizagi denbora. Urrutiko izarrek, izar finko deituek, itxuraz lurrarekiko duten mugimenduan oinarrituz neurtutako denbora. Batez besteko argizagi denbora Eguzki denbora baino 4 minutu ozta laburragoa da. v Denboraren dilatazioa. Fisikako erlatibitate bereziaren teorian, erloju batek izaten duen «lastertasun moteltzea» da erloju horrekiko higitzen ari den behatzaile batek neurtzen duenean. Erlatibitate berezian, inertziazko mugimendua (azeleraziorik gabekoa, alegia) daraman behatzaile batek ongi definituriko baliabideak ditu zer gertaera suertatzen diren gertaera jakin batekin batera edo bat-batean seinalatzeko. Inertziazko mugimendua daraman beste behatzaile bat lehenengo behatzailearekiko mugimenduan baldin badoa, ordea, ez da bat etorriko lehenengoarekin zein gertaera suertatu diren gertaera jakin harekin batera seinalatzerakoan. Bi behatzaileak zuzen daude beren azterketetan, baina beren desadostasunak erakusten du bat-batekotasuna behatzailearen mendeko ideia dela erlatibitate bereziaren alorrean. Izan ere, teoria horrek erakusten du inertziazko behatzaile bat konturatuko dela berarekiko mugitzen ari diren erloju guztiak berarena baino makalago dabiltzala, faktoreaz, v behatzailearen higidura erlatiboa delarik eta c argiaren lastertasuna (300.000 km/s). Erlatibitate bereziaren teoriak aurrez zehaztu zuen denbora-dilatazioa erabat egiaztatu dute egonkortasun gutxiko partikulek, partikula azeleragailuetan argiarenaren inguruko lastertasunez higitzean izaten duten bizialdi luzeagoaz.