Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Demirel, Soliman

Turkiar politikaria (Isklamköy, 1924). Turkiako lehendakari (1993) eta Lehen ministro (1965-1971, 1975-1977, 1979-1980, 1991-1993). Ingeniaritza ikasketak egin zituen. 1961ean Justiziaren Alderdiko kide egin zen eta hiru urte geroago alderdiko lehendakari hautatu zuten. Bere alderdiak 1965eko hauteskundeak irabazi zituenean, Lehen ministro izendatu zuten. Mendebaldera pixkaka hurbiltzeko politika bultzatu zuen eta 1969an berriro hautatu zuten, baina 1971n, Turkiako bortxakeria politiko gero eta handiagoa zela eta, gudarosteak haren dimisioa eskatu zuen. 1975ean gobernuko buruzagitza eskuratu zuen ostera. 1977ko hauteskundeetan galtzaile atera zen, baina atzera gobernuko buruzagitza lortu zuen bi urte geroago. Hala ere, Turkia pairatzen ari zen langabezia tasa handia eta indarkeria zela eta, militarrek agintea hartu eta kargutik kendu zuten, 1980an. 1982ko Konstituzioa onartu ondoren, politikatik baztertu zuten, baina 1991n Lehen ministro izendatu zuten ostera, Bide Zuzeneko Alderdiko buruzagi gisa. 1993ko maiatzean, Turgut Ozal (1927-1993) lehendakaria hil zenean, Turkiako Errepublikako lehendakari izendatu zuen Legebiltzarrak.