Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

De Kooning, Willem

Estatubatuar margolaria, holandarra jaiotzaz (Rotterdam, Herbehereak, 1904 - New York, 1997). Espresionismo abstraktua deritzan estiloko ordezkari nagusietakoa. 1916an, aprendiz sartu zen merkataritza artean aritzen zen enpresa batean eta, arratsaldetan, arte akademia batera joaten zen. 1926an, New Yorka joan zen bizitzera eta merkataritza artista gisa lan egin zuen hainbat urtez. 1935etik 1937ra, Works Progress Administration (WPA) erakunderako lan egin zuen eta, 1939an, horma irudi bat diseinatu zuen New Yorkeko Mundu Erakusketarako. 1948an, Ipar Carolinako Black Mountain College izenekoan arte irakasle izan zen eta, orobat Yale Unibertsitatean, 1950etik 1951ra bitartean. 1934 aldera hasi zen estilo abstraktuan margotzen eta, handik hamar bat urtera, abangoardiako pintore garrantzitsuenetako bat zen, espresionismo abstraktuaren barruan. 30 eta 40ko hamarraldietako De Kooningen margolanetako gaiak gizona, emakumea eta abstrakzioak izan ziren. 1946an, zuri-beltzezko abstrakzio sail luzeak margotu zituen. Haren lanak geroz eta bortitzagoak bilakatu ziren eta, 1953an egin zituen erakusketetan, eztabaida handiak piztu ziren emakume irudi gordinak zirela eta. Gerora, buztinezko eskulturak egiten hasi zen, eta estilo “txukunagoan” pintatu zuen. Azken urteak Alzheimer gaixotasunaren mendean pasa zituen. Hona hemen, jarraian, De Kooningen margolan batzuen tituluak: Bi gizon zutik (1938), Emakumea (1940), Aingeru arrosak (1945), Ostiral beltza (1948), Postontzia (1947-48), Asheville (1948-49), Hondeaketa (1950), Emakumea II-VI (1952-53), Bi emakume landan (1954), Pastorala (1963), Emakumea eta haurra (1967), Ikustaldia (1967).