Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

De Chirico, Giorgio

Italiar margolaria eta idazlea (Volo, 1888 - Erroma, 1978). De Chirico-k Atenasen eta Munichen egin zituen ikasketak eta gaztetatik miretsi zuen Nietzsche-ren filosofia, Klinger-en literatura eta Böcklin-en eta Kubin-en artea. Milanen eta Turinen egon ondoren, Parisa joan zen 1911n eta bertan ezagutu zituen Picasso eta Apollinaire. 1912 eta 1919 bitarteko urteetan ohiko pinturaren gaiak eta XX. mende hasierako ikerketa plastikoak lotzen zituzten lanak idatzi zituen («Arkupe, maniki eta barne metafisikoen garaia»). Errenazimentuko espazio ikusmoldeari leial jarraituz betiere, ikuspuntu bihurriak eta logikarik gabeko errainuak jabetzen dira garai hartako bere koadroez (Mélancolie d’une rue, 1912). Italiako jauregiak, kale hutsak, lantegi kaleak, dorreak eta lokomotorak ageri dituzten dekoratuetan, gauzak eta giza gorputz idorrak azaltzen dira (hatz-behatzik gabeko estatuak, manikiak, pilotak, xake-taulak, gailetak, neurtzeko tresnak…), azal guztiak lerro egitura sendo eta kontrasterik gabeko kolorez bateratuta daudelarik. Berriro Italiara itzulirik (1915. urtean gerrara deitu zioten), «Pintura metafisikoa» bataiatu zuen higikundearen alde saiatu zen. 1919. urtean Valori Plastici mugimenduko kide egin zen eta ordu artean egindakoari uko eginez, akademizismoan babestu eta iraganeko pintura klasikoaren bidetik abiatu zen (Rubens eta Renoir pintoreak gogoratzen dituen estiloa). De Chirico-ren obrak berebiziko eragina izan zuen surrealisten artean. Alberto Savinio italiar idazlea Giorgio De Chirico-ren anaia zen.