Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Davis, Anthony

Estatubatuar pianista eta musikagilea (Paterson, New Jersey, 1951). Yaleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Musika heziketa klasikoa izan bazuen ere, oso gaztetan egin zuen topo jazzarekin eta, unibertsitatean zebilela, bere bandarekin pianoa jo ez ezik, Leo Smith, jazzeko musikariarekin ere lan egin zuen. 1977an, New Yorka tokialdatu zen eta jazza jotzetik atera zuen bizimodua. Jazzeko pieza ospetsuen birmoldaketekin argitaratu zituen lehen diskoak: Past Lives of Blues and Dream (1978), eta Crystal Texts (1978). Baina musika idazterakoan tradiziozko jazzetik aldentzen hasi zen: inprobisazioa alde bat utzi zuen eta, mendebaldeko musikako elementuekin batera, Afrikako eta Asiako erritmo egiturak sartzen hasi zen. Garai hartakoak dira Hidden Voices (1979) eta Lady of de Mirrors (1981). 1980an bederatzi kideko talde bat osatu zuen: Episteme. 1981etik 1985era, Christopher anaiarekin eta Thulani lehengusuarekin batera, Malcolm X aktibista beltzaren bizitzan oinarritutako opera idatzi zuen, X: The Life and Times of Malcolm X, zeina New Yorken estreinatu baitzen 1986an, baina kontzertu bertsioa ere herrialde osoan interpretatu zen. Lan haren ondoren, beste opera bat idatzi zuen, bere emazteak, Deborah Athertonek, idatziriko zientzia fikziozko istorio batzuetan oinarriturik: Under the Double Moon (1989). Aipatutako bi opera horiek orkestrarako eta bere talderako —Episteme— idatzi zituen. 90eko hamarraldiko lehen urteetan, Tony Kushnerren Angels in America antzerki lanerako musika idatzi zuen. Anthony Davisen azken opera, Amistad (1997), hau ere Thulani Davis lehengusuarekin elkarlanean idatzia, horrela deitzen zen espainiar barkuan afrikar esklaboek 1839an piztutako matxinadan oinarritua dago. Davis Yale eta Columbia Unibertsitateetan irakasle izan da, eta hainbat film eta dantza konpainiatarako musikak idatzi ditu. New Yorkeko eta Brookliyngo Orkestra Filarmonikoek eta San Franciscoko Orkestra Sinfonikoak interpretatu dituzte Davisen obra sinfonikoak.