Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dato Iradier, Eduardo

Espainiar politikaria (Coruña, 1856 - Madril, 1921). Aita Murtziakoa zuen eta ama arabarra. Madrila joanda, bertan egin zituen Zuzenbide ikasketak. Iradierrek oso kargu garrantzitsuak izan zituen Alfontso XIII.aren garaian: diputatua izan zen 1883. urtetik aurrera; 1899an gobernazioko ministro; Justiziakoa 1902an; Estatuko ministroa 1918an. Gisa berean gobernuburua izan zen 1913-1915 bitartean, 1917an eta 1920-1921 urteetan. Lehen Mundu Gerran Espainiaren neutraltasuna lortu eta Kataluniako Mankomunitatea onartu zuen (1913). Gizarteko eta kartzeletako arazoez arduratu zen batez ere. Madrilgo Puerta de Alcalan hil zen 1921. urteko martxoaren 8an Casanellas, Maten eta Nicolau anarkista katalanek egindako atentatu baten ondorioz. Gasteizko hiriak semetzat hartu zuen 1903. urtean. 1916an Gasteizek Dato izena eman zion hiri erdialdeko kale nagusi bati, bai eta haren omenezko oroitarria eraiki ere (Florida parkea). Euskal Herriarekiko politika ezin txarragoa bideratu zuen, 1919. urtean idatziriko estatutua atzera bota baitzuen.