Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Danimarka

(Izen ofiziala, Danimarkako Erresuma; danieraz, Danmark). Ipar Europako estatua, Jutlandiako penintsulak eta Ipar Itsasoaren eta Itsaso Baltikoaren arteko uharte batzuek osatua; Sjaelland, Fionia, Lolland, Falster eta Bornholm dira uharte handienak eta ezagunenak. Danimarkako estatuaren mendean daude, bestalde, Ipar Atlantikoko Groenlandia eta Faroe uharteak. 43.094 km2 (Groenlandia eta Faroe uharteak sartu gabe). 5.447.084 biztanle (2007, danimarkarrak edo daniarrak). Hiriburua: Kopenhage (503.699 biztanle, 2007). Hiri nagusiak: Aalborg, Aarhus, Esbjaerg eta Odense. Talde etnikoak: eskandinaviarrak, eskimalak, faroetarrak, alemaniarrak. Hizkuntzak: daniera (ofiziala), alemana (gutxiengo txiki batek), faroera, groenlandiera (eskimalen dialektoa). Erlijioak: luteranoak, % 91; gainerako kristauak, % 2; beste batzuk, % 7. Dirua, daniar koroa.  v  Orografia. Bi lurralde mota bereiz daitezke Danimarkan: mendebal erdialdeko eta hegoaldeko hondar eta legar aldeak eta gainerako lurralde lau emankorrak (leku gorena: Ejer-Bavenehø, 172 m). Ibaiak eta errekak ugariak eta laburrak dira (Guden A, 158 km). Kostaldea oso malkortsua da (7.400 km) eta, Jutlandia sartaldean izan ezik, oso golko sakonak daude. v Klima. Itsaslasterrek epeltzen dute Danimarkako klima (batez bestekoak: 0 °C urtarrilean eta 16,5 °C uztailean). Haize bortitzak dira, Jutlandiako mendebalean batez ere. ■ Biztanleak eta gizartea. Danimarkako biztanleria (Groenlandia eta Faroe uharteak kontuan izan gabe) oso homogeneoa da. Biztanleen % 96 daniar jatorrikoak dira, eta lotura estuak dituzte gainerako eskandinaviar herriekin, Norvegiarekin eta Suediarekin, batik bat. Alemaniar gutxiengo txiki bat bizi da Danimarkan. Etorkin gutxi batzuk ere badira, gehienak langile “gonbidatu” gisa etorriak (eskandinaviarrak, turkiarrak, irandarrak, pakistandarrak…). Biztanleen % 87 inguru hirian bizi dira eta lautik bat, gutxi gorabehera, hiriburuan eta aldirietan. Groenlandian 55.000 biztanle inguru bizi dira, eta Faroe uharteetan 43.000 inguru (1994ko datuak). Danimarkak oso jaiotza tasa apala izan du urte askoan (gaurko emankortasun indizea emakumeko 1,4 haurretik beherakoa da) eta, horren ondorioz, biztanleriaren hazkundea geroz eta txikiagoa da. Orain artean etorkinek orekatu dute egoera hori, eta badirudi biztanleria 5 milioi inguru horretan egonkortu dela. Biztanleriaren piramidea bi muturretan txikiagoa da (haurrak eta zaharrak) eta handiagoa adin ertainetan: 0-14 urte bitartekoak % 18, 15-64 urte bitartekoak % 67, 65 urtez gorakoak % 15. Bizi itxaropena, berriz, 72 urte da gizonezkoentzat, eta 78 emakumezkoentzat. Luteranismoa da Danimarkako erlijio nagusia. Erregeak Elizako kide izan behar du nahitaez, baina gainerako daniarrek erabateko erlijio askatasuna dute. Oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa izan da Danimarkan 1814tik hona, eta doan da ikasle gehienentzat. Danimarkako alfabetatze tasa % 100ekoa da. Lehen mailako hezkuntzak 13 urte bete arte irauten du, eta orduan bigarren mailara pasatzen dira. Ikasleen % 30 inguruk egiten ditu ikasketak unibertsitatean; gainerakoek, bigarren mailako goi ikastetxeetan edo lanbide heziketako zentroetan ikasten dute. ■ Gobernua eta administrazioa. Herentziazko monarkia konstituzionala da Danimarka, eta 1953an onartutako konstituzioaren arabera gobernatzen da. Margarita II.ak hartu zuen erregetza 1972an, haren aita Frederiko IX.aren ondorengo, eta geroztik, bera da Danimarkako estatuburua. Aginpide eragilea, berez, erreginaren esku dago, baina praktikan Lehen ministroa buru duen kabinete batek osatzen du gobernu eragilea. Lehen ministroa erreginak izendatzen du, eta legebiltzarraren gehiengoa izan behar du. Lege aginpidea, Danimarkan, erreginaren eta Folketing edo legebiltzarraren eskumena da. Erreginaren eta Folketingaren arteko adostasuna beharrezkoa da legeak indarrean sartzeko, gerra deklaratzeko eta bake hitzarmenak izenpetzeko. Legealdiak, gehienera jota, lau urte irauten du. Folketinga osatzen duten 179 kideak sufragio unibertsalez hautatzen dira, proportziozko ordezkapenaren arabera. Faroe uharteek eta Groenlandiak bina ordezkari dituzte. 18 urtez gorako daniar guztiek dute bozkatzeko eskubidea eta Folketingeko hauteskundeetara aurkeztekoa. Legebiltzarrak onartutako neurriak erreferendum bidez bozka daitezke, kideen heren batek hala eskatzen badu; bozka dezaketenen % 30ek, gutxienez, delako neurriari ezezkoa ematen badio, neurri hori indargabetuta gelditzen da. Administrazio gaietarako, bi komuna handitan (Frederiksberg eta Kopenhage) eta 14 konderritan banatzen da Danimarka, eta 270 udalerriz osatuta dago. Danimarkako alderdi politiko nagusiak ondorengo hauek dira: Alderdi Sozialdemokrata, zentro-ezkerrekoa, 1871n sortua, 100.000 kide inguru dituena eta alderdi indartsuena dena; Herri Alderdi Kontserbadorea, zentro-eskuinekoa (moderatua); Herri Alderdi Sozialista, ezker moderatukoa, eta Alderdi Liberala, zentro-ezkerrekoa. ■ Ekonomia. Danimarkako ekonomia, batez ere kanpora zuzenduta dagoenez, munduko merkatuaren gorabeheren mende dago. 1973ko petrolioaren krisiak eragindako makalaldia atzera utzi ondoren, 90eko hamarraldiaren ezaugarriak ekonomia hazkundea eta langabezia tasaren gutxitzea (1994an % 12 izatetik, % 7 izatera pasa da 1998an) izan dira. Ekonomia adierazleek ez dute dudarik uzten: aurrekontu defizit eskasa (% 1), ordainketa balantza positiboa, inflazioa kontrolpean, diru indartsu eta egonkorra (daniar koroa), etab. Aurkako datu bakarra kanpo zor handia da (BPGaren % 71,5, 1997an). Danimarka, tradizioz, nekazari herria izan bada ere, enpleguaren banaketa estatu industrializatu bati dagokiona du: lehen sektorean biztanleria aktiboaren % 5 baizik ez da enplegatzen, bigarrenean % 26, eta hirugarrenean % 69. Europar Batasuneko bizi maila garaiena du Danimarkak, eta oso aurreratua du gizarte laguntzaren sistema. ■ 1980ko hamarraldian, daniar nekazaritza eguneratu zenean, enplegu asko galdu zen sektore horretan. 1989an, baserriak elkarretaratzea bultzatzen zuen lege berri bat atera zen arren, oraindik Danimarkako etxaldeen lautik hiru ez dira 50 hektareatara iristen. Familiako lantegiak dira gehienak: % 16 baizik ez dira egun osoko enplegatuak dituzten baserriak. Klima ozeaniko epelari esker, eta lurraldearen % 64 landuta baitago, Danimarkako nekazaritza ekoizpena barne eskaria baino askoz handiagoa da. Labore produkzioak hartzen du lur landuen % 60 (garagarra, garia, zekalea), patata soroek % 10, belardiek % 9, eta belardi artifizialek eta ganadu-janetarakoek % 15. Produkzio horretatik parte handi bat abereak elikatzeko erabiltzen da. Abere hazkuntzak, izan ere, paper garrantzizkoa jokatzen du Danimarkako nekazaritzan: 1994an, esate baterako, nekazaritza produkzioaren osoko balioaren % 70 abere hazkuntzari zegokion. Esnea izan da, urte askoan, baliabide nagusia (gurina, gazta), baina 1977an Europar Batasunean kuota sistema ezarri zenetik, zerri hazkuntzak gorakada handia izan du. ■ Arrantzaren sektoreari dagokionez, hamargarren tokian dago Danimarka, mundu mailan, arrantzatutako kopuruen arabera. Jende gutxi enplegatzen duen arren (1993an 5.000 arrantzale baizik ez zen) arrantzak industria jarduera asko eragiten ditu. Bakailaoa, sardinzarra, berdela eta platuxa dira gehien arrantzatzen dituzten arrain motak, eta, batez ere, arrain irina eta arrain olioa ekoizten dira. Arrantza da, orobat, Groenlandiako eta Faroe uharteetako funtsezko jarduera. ■ Danimarkako industriarik garatuena nekazaritza-arrantza elikagaiena da. Haragitik, esnetik eta arrantzatik eratorritako produktuak dira industria horretako izarrak. Danimarka da, mundu osoan, haragi, arrain eta txerriki kontserba gehien saltzen dituena. Labore asko izaten dutenez, okindegi eta galleta industria ere oso garatuta dago; garagardoa ere dezente ekoizten dute. Zigarro eta zigarro-puru lantegiak, berriz, tradizio luze baten erakusgarri dira. ■ Elikagai industrien ondoren, metalurgia eta ingeniaritza dira Danimarkako industria sektore garrantzizkoenak. Siderurgia gainbehera antzean badago ere, tresneria hidraulikoak eta termikoak, eta makina-erremintak hedatzealdi betean daude. Nolanahi ere, ingeniaritza mekanikoa (motorrak, industriako makinak, termostatoak…) eta kimika industria (petrokimika, farmazia, ongarriak, gai plastikoak) dira, gaur egun, hazkunde tasa handiena dutenak. ■ Luzaroan uste izan da Danimarka txiroa zela lehengai kontuetan (esate baterako, ez du metal meatzerik), baina Ipar Itsasoan petrolioa eta gas naturala aurkitu ondoren, barneko hidrokarburo premiak estali ez ezik, 1991tik, esportatzeko ere iristen zaio. Batez ere, energia inportazioak (ikatza) gutxitu dituzte, eta instalazio nuklearrei uko egin ahal izan diete. Bestalde, inbertsio handiak egin dituzte energia berriztagarrietan (haizea, eguzkia) eta alor horietako teknologia esportatzen du Danimarkak. Hondakinen berreskuratze industria ere aurreratua dute. Adibidez, papera egiteko behar den lehengaiaren % 80 erabilitako paperetik ateratzen dute. ■ Lurraldean lehengairik ez dutenez, Danimarkak mineral kopuru handiak inportatzen ditu industriaren beharrak asetzeko, eta produkzioaren parte handi bat inportazio horiek finantzatzeko erabiltzen ditu. Horrela ulertzen da, biztanlez herri txikia izan arren, daniarren kanpo merkatua munduko lehen tokietan egotea. Kanpo merkataritzak herrialdearentzat duen garrantziaren jakinaren gainean, Danimarkak truke librearen aldeko posizioak aldezten ditu, hala ELGEn nola Europar Batasunean. ■ Historia. K.a. 5.000 urte ingurutik aurrera, arrantzatik bizi zen zibilizazio bat izan zen Danimarkako lurretan. Brontze Aroan (K.a. 2000 - K.a. 800) arte maila handiko gauzakiak eskaini zituen kultura aurreratua garatu zen bertan. Burdin Aroan (K.a. 800. urtetik aurrera) klima hoztu zen, eta herri zelten eragina gero eta nabarmendu zen. K.o. I. mendearen hasieran, Augusto enperadorearen garaian, erromatarrak azaldu ziren Jutlandiako zinbriarren lurretan. III. mendean, Jutlandiako hegoaldean bizi ziren angloek saxoiekin bat egin eta Britainia Handia inbaditu zuten. Anglo-saxoien eta eskandinaviarren arteko harremanak estuak izan ziren beti. V. eta VIII. mendeen artean, arras murriztu ziren eskandinaviarren eta Europa Erdiko herrien arteko harremanak. VI. mendean osatu zen Danimarkako lehen errege dinastia, Sjaelland uhartean, Eskania edo Suedia hegoaldeko buruzagiei lotua. VIII. mende bukaeran, itsas teknikan eginiko aurrerapenei esker eta oraindik gaizki ezagutzen diren arrazoi sozio-politikoak direla medio, bikingoak Jutlandiatik, Suediatik eta Norvegiatik itsasoratu ziren eta, Frantzia, Euskal Herria eta Espainiako kostaldeak eraso ondoren, Mediterraneoko lurraldeetan barneratu ziren. IX. mendetik aurrera hiri eskandinaviarrak gorpuzten hasi ziren bitartean, azaleko kristautze batek lagundu zuen egitura politikoak sendotzen; talde militarrak gero eta ahaltsuagoak egin ziren bestalde. 994 eta 1014. urteen artean Sven I.a errege daniarrak Ingalaterrako erregearen aurka guduka eraso zuen, eta 1017an haren seme Kanuto II.a Handia Ingalaterrako koroaz jabetzeaz batera Ingalaterra, Danimarka eta Norvegia elkartu zituen bere koroapean. Kanuto II.a hil ondoren (1036), berriro ere bereizi ziren hiru estatuak. Sven II.aren agintaldian (1047-1076), Europarekiko harremanak sendotu zituen Danimarkako koroak Elizaren eskutik, eta alde batera geratu ziren bikingoen garaiko hedapen ametsak. XII. mendean, erregetzarako barne gatazkek eta eslaviarren aurkako guduek neurri handi batean ahuldu zuten ia germaniarren mendean geratu zen Danimarka. Berriz ere Elizak eta erregeak elkar harturik salbatu zuten Danimarkako koroa eta ordainetan herria guztiz kristautu zen. Garai horretan sendotu zen daniarren nazio nortasuna (Saxo Gramaticus-ek latinez egin zuen Gesta Danorum obrak zerikusi handia izan zuen berpizkunde horrekin). XIII. mendetik aurrera, alemaniarren aurkako guduek eta Elizarekiko tirabirek guztiz mugatu zuten Danimarkaren aurreramendu sozio-politikoa. XIV. eta XV. mendeetan, Danimarka Hansa-ko merkatari alemaniarren esku egon zen; laborariak handikien zerbitzari bihurtu ziren eta merkatari aristokrazia germaniarrak guztiz mugatu zuen erregearen aginpidea. Saio ugari egin ondoren, Suedia, Norvegia eta Danimarka aliantza batean batu ziren 1397an (Kalmar-ko Batasuna). 1448. urtean Kristian I.a Oldenburgoko printze germaniarra Danimarka, Norvegia eta Suediako errege izendatu zuten. Burgesiaren aliatua izaki, handiki feudalen ahalak eta germaniarren kultura nagusitasuna murrizteko asmoak (Kopenhageko unibertsitatea sortu zuen) agertu bazituen ere, errege berriak ez zuen arrakastarik izan eta bere aurka altxatu ziren suediarrek menderatu eta egotzi zuten bertatik 1471. urtean. Kristian II.a errege zentralista eta absolutistak Suedia eraso eta suntsitu zuen, eta bertako 80 handiki hil zituen. Haietako baten seme zen Gustave Vasak Suediako herria erregearen aurka altxarazi (1521) eta 1523an lortu zuen Suediako askatasuna. Kalmar-ko Batasuna hautsia zen; garai hartako Danimarka (Jutlandia; Fionia, Seeland eta Laaland uharteak; Norvegia; Eskania eta Halland, Suedia hegoaldeko herrialdeak eta Schleswig alemaniar dukerria) eta Suedia mendeetan zehar luzatuko zen gatazkan hasi ziren. XVI. eta XVII. mendeetan, Suedia gailendu zitzaien Itsaso Baltikoko gainerako herriei, eta Danimarkak Eskania eta Halland lurraldeak eman behar izan zizkion Suediari 1658. urtean. XVII. mende bukaeran galdu zuen Danimarkak Ipar Europan noizbait izandako nagusitasuna. Ez zen, horratik, bertako monarkia ahuldu: merkatari burgesiaren eta Luteroren erreformaren aldeko apaizgoaren laguntzarekin eta Holandako eta Hansako ontziei mendeetan zehar kobraturiko portu sariez baliatuz, monarkia absolutua indartu zen (1665eko legea) eta aitonen semeak eta burgesak berdintasunean geratu ziren legeen aurrean; ez, ordea, laborariak. XVIII. mende erdialdea garai oparoa izan zen ekonomian eta kulturan: bertako portuak erabiltzeagatiko eskubideek beren horretan zirauten, Kopenhage Ipar Europako portu garrantzitsuena bihurtu zen, merkatari eta industria burgesia izugarri aberastu zen (Kopenhageko Bankua, 1736) eta, teknika berriei esker, Jutlandiako lur elkorrak antolatzen hasi ziren, laborantzari haize berriak emanez. 1787an indarrik gabe utzi zen morrontza feudala eta 1788an askatasuna eman zen ale eta abere salerosketarako. Neurri hauen ondoren, Frantziako Iraultzak ez zuen berehalako eraginik izan Danimarkan, baina Britainia Handiaren aurka jarri zen Napoleonen garaian; kalte handiak ekarri zizkion Danimarkari erabaki horrek (1813ko bankarrota; Norvegia Suediaren esku geratzea 1814an). 1830. urtean Frederiko VI.a erregeak herrialde mailako dieta edo parlamentuak antolatu zituen. Oposizio liberalak erreforma handiagoak eskatzen zituen, ordea, eta 1849. urtean erregearen eskubideak mugatzen zituen konstituzio liberal bat aldarrikatu zen. 1865. urtean, Schleswig eta Holstein alemaniar dukerriak Danimarkatik bereizi ziren (Gastein-go hitzarmena). 1866. urtean murriztu egin ziren konstituzio liberaleko eskubide batzuk. 1915. urtean emakumeen botorako eskubidea onartu zen eta goi-ganberako (Landsting) ordezkariak aukeratzeko sufragio zentsitarioa balio gabe utzi. XIX. mende bukaeran aldaketa sozio-ekonomiko sakonak izan ziren: industriaren hazkundearekin batera sortu ziren langile higikundeak (alderdi sozialdemokrata) eta sindikatuak, nekazaritzaren erreforma egin zen eta gizarte mailako legedia aurrerakoia ezarri zen. Neutrala izan zen Lehen Mundu Gerran, eta 1866. urtean galdu zuen Schleswig-ko zati handi bat berreskuratu zuen. Neutral iraun nahi izan bazuen ere, Hitler-en osteek Danimarka inbaditu zuten 1940. urtean. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Danimarka Nazio Batuetako kide egin zen eta Marshall planaren laguntza onartu zuen (1947). Urte haietan, sobietar espansionismoaren mehatxuak ikaratuta, Danimarkako agintariek, eskandinaviar itunaren ahaleginak porrot egin ondoren, NATOren hegopera biltzea erabaki zuten (1949an sortu zen Ipar Atlantikoko Hitzarmenaren Erakundea). NATOn egote horrek, hala ere, egonezin bat baino gehiago eragingo zuen, 1960ko hamarraldian batez ere, SESBrekiko harremanak lasaitu zirenean, eta, esate baterako, Danimarkak uko egin zion, bake denboran, atzerritar gudarosteak eta arma atomikoak bere lurraldean edukitzeari. 1951n Ipar Kontseiluan sartu zen, eta 1960an Truke Librerako Europar Elkartean. Bi urte geroago, lau herrialde eskandinaviarren lankidetza hitzarmena sinatu zuen Helsinkin. 1973an sartu zen Danimarka Europako Merkatu Batuan. 1992an, daniarrek uko egin zieten, erreferendum bidez, Maastricht-eko akordioei, integrazio politiko eta ekonomiko geroz eta handiagoa proposatzen baitzuen, Europar Batasunaren barruan. 1993ko maiatzean onartu zituzten akordio haiek, hainbat zuzenketa sartu ondoren, horien artean Europako Diru Batasunean ez parte hartzea. ■ 1981eko abenduko hauteskundeen ondoren, A. Jørgensenek gobernu sozialdemokrata osatu zuen, baina ez zuen lortu ekonomia suspertzeko proposatzen zuen plana aurrera ateratzerik. Hala, lau alderdiz osatutako zentro-eskuineko koalizio baten buruan, Poul Schlütter kontserbadoreak kendu zion Jørgenseni Lehen ministro postua. 1901ean parlamentu sistema ezarri zutenetik, Danimarkan gobernu kontserbadoreak agintzen zuen lehen aldia zen. Politika zorrotz eta eraginkorra aplikatu ondoren, koalizioa sendoturik atera zen 1984ko hauteskundeetan, alderdi kontserbadoreek gorakada nabarmena izan baitzuten. Sektore publikoa murrizteko politikari eutsiz eta sozialdemokraziaren gizarte ereduarekiko distantziak markatuz, koalizioak agintean jarraitu zuen 1987ko legebiltzarrerako hauteskundeen ostean ere. 1985ean, Folketing edo legebiltzarrak zentral nuklearrak eraikitzearen aurkako legedia onartu zuen, eta gobernuak iparraldean eremu ez nuklear bat ezartzea erabaki zuen. 1988an, NATOren politikari buruz gobernu barruan zeuden tirabirek eraginda, nahikoa gaiztotu ziren Danimarkak erakunde militar horrekin zituen harremanak. Urte horretan bertan, Danimarkaren eta Suediaren arteko itsasartean hainbat otarrain kolonia suntsitu izanak eta beste zenbait hondamendi ekologikok ingurumena babesteko neurri zorrotzak hartzera eraman zuten Danimarkako legebiltzarra. 1988an, defentsa politikako konponezinen ondorioz hauteskundeak aurreratu zituztenean, lau alderdiz osatutako koalizioa zena, hiru alderdiz osatua geratu zen, eta 1990eko hauteskundeen ondoren, bi partidu soilez. 1993ko urtarrilean Lehen ministroak dimititu ostean, sozialdemokratak itzuli ziren agintera. Alderdi Sozialdemokratako buruzagiak, Poul Nyrup Rasmussenek, koalizio gobernu bat osatu zuen alderdi zentristen sostenguarekin. 1994ko hauteskundeen ondoren, legebiltzarreko gehiengoa galdu bazuen ere, Lehen Ministroaren postuan jarraitu zuen, baita 1998ko eta 2001eko hauteskundeen ostean ere. 2000. urtean euroari buruzko erreferenduma egin zen, eta koroarekin jarraitzea erabaki zen.
http://www.denmark.dk/en