Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chávez, César

Estatubatuar sindikatu buruzagia (Yuma, Arizona, 1927 - Yuma, 1993). Mexikoko langile etorkinen artean jaio eta hazi zen, eta seigarren graduan utzi zuen eskola, guraso eta senideekin batera denboraldiko nekazaritza lanetan aritzeko (mahats biltzen, fruitu biltzen, etab.). Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuetako itsas armadako soldadu izan zen. 1952tik 1962 arte, CSO (Erkidegoko Zerbitzu Erakundea) izeneko laguntzarako taldean lan egin zuen. Gero, langile nekazarientzako sindikatu bat sortzeari ekin zion. Hasieran, Langile Nekazarien Nazio Elkartea (NFWA) deitu zen, baina aurrerago, beste sindikatu eta talde batzuekin batu ondoren, Langile Nekazarien Batasuna (UFW) osatu zen, Chávez lehendakari zuela. 1968an, Kaliforniako mahatsaren aurkako boikot luze bat aldarrikatu eta bideratu zuen, laneko kontratuak lortzeko ahaleginetan. 1970eko hamarraldian borrokak aurrera egin zuen eta azkenean erdietsi zuten txikanoen eskubide sindikalak aintzat hartuak izatea. Hasieratik, UFWk bere egin zituen Gandhiren eta Martin Luther Kingen bortizkeria gabeko presio metodoak. Hala, 1988ko uztailean eta abuztuan, 36 eguneko gose greba egin zuen Chávezek, mahats biltzaileak eta beren umeak pozoitzen zituzten pestiziden aurka protestatzeko. 40.000 lagun baino gehiago izan ziren Chávezen hileta ospakizunetan.