Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Charpak, Georges

Frantses fisikari eta irakaslea, jatorriz poloniarra (Dabrovica, Polonia, 1924). Zazpi urte zituela Parisa aldatu zen familiarekin. Parisko Saint Louisen eta Montpellier Institutuan egin zituen ikasketak. Bigarren Mundu Gerran Parisko Meatzaritza Eskolan ikasi zuen, baina Erresistentziarentzat lan egin zuen eta atxilo hartu zuten 1943an; kontzentrazio esparru batean eduki zuten 1945. urtea arte. 1946an, aske gelditu zelarik, frantses hiritartasuna hartu zuen. Ikerketa lanak 1948. urtean hasi zituen, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionalean (Centre national de la recherche scientifique, CNRS), eta 1959an fisikari iraunkor izendatu zuten Partikulen Fisikaren Europar Laborategian (CERN). 1984. urteaz gero Parisko Fisikako eta Kimikako Goi Mailako Eskolako irakaslea da; Estatu Batuetako Akademia Nazionaleko kidea eta, 1985etik aurrera, Frantziako Zientzia Akademiako kidea ere bada, besteak beste. Charpakek fisika nuklearraren alorreko lanak egin zituen, hasieran batez ere, eta geroago energia handiko partikulen alorra landu du bereziki. Beste zenbait sariren artean, Fisikako Nobel saria irabazi zuen 1992. urtean, partikulak antzemateko asmatu zituen tresnei esker, bereziki hari anitzeko ganbera proportzionala. Charpakek partikula azpiatomikoak detektatzeko landutako sistema horren bidez, aldi berean diharduten bilioika partikularen artean ikertzailearen interesekoak diren partikulen arteko elkar-eraginak azter daitezke, ordenagailu bidez. Partikulen fisikan hainbat aurkikuntza egiteko baliagarria izan da bere lana, besteak beste oinarrizko partikula asko aurkitzeko, eta erabilera praktikoari dagokionez, gero eta gehiago erabiltzen ari da biologian eta medikuntzan: besteak beste, X izpien bidez irudi hobeak hartzeko aukera ematen du eriari erradiazio gutxiago igorriz, eta litekeena da minbiziaren kontrako sendabideak aurkitzeko baliagarria izatea.