Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Champagne-Ardennes

Frantziako iparraldeko eskualdea, lau departamenduk osatua: Ardenak, Aube, Marne, Haute-Marne. 25.600 km2 eta 1.347.848 biztanle (1991). Hiri nagusiak: Reims, Troyes, Châlons-sur-Marne, Charleville-Mézières, Chaumont. v Orografia eta klima. Egungo Champagne-Ardennes eskualdeak antzinako Xanpaina lurraldea hartzen du gutxi gorabehera (sartaldeko Brie izan ezik). Sartaldean Côte de l’Ile de France eskualdea dago, Aisne eta Sena ibaien artean. Reims eta Épernay-ko lurretan egiten da bereziki champagne ardoa. Champagne pouilleuse izeneko eremu idor eta soila zabaltzen da erdialdean eta, ekialderago, Champagne humide delako lur eremu irazgaitza, belardiez betea. Iparraldean, Champagne-Ardennes lurraldeak Ardenetako mendien alde bat hartu du Lorenatik (Sedan) eta Burgundiako lurraldeak (Bar-sur-Seine) hegoaldean. Ordokietako klima epela eta idor samarra da (2-18 °C; 550-700 mm); Ardenak eta Haute-Marne departamenduak, ordea, euritsuagoak (1.000-1.200 mm) eta tenperatura latzagokoak dira. v Ekonomia. Italiaren eta Flandesen arteko bidean egonik, egun oparoak izan zituen Champagnek Erdi Aroan Reims hiriaren inguruan; hango azokek ospe handia hartu zuten Europa osoan eta XVII. mendetik aurrera ehungintzak (700.000 ardi 1773an) eta metalgintzak (Haute-Marneko fundizioa eta altzairuak, Charlevilleko armak…) industria sendo baterako oinarriak ezarri zituzten. Honez gainera, ustiakuntza txikietan banaturiko mahastiek sortzen zuten champagne ardoak guztiz orekatzen zuen lurralde hartako ekonomia. Ehungintzaren krisiak, industria iraultzak eta gerrek aukerarik gabe utzi zituzten herritarrak, eta jende askok alde egin zuen Champagnetik (1.266.000 biztanle 1884an eta 1.049.000 biztanle 1946an). 1968an (1.279.000 biztanle), Champagneko ekonomia bizkortzen hasi zen industriagune nagusien inguruan (Meuse ibarra, Reims, Épernay, Châlons, Troyes, Marne ibaiaren goiko arroa), eta biztanle kopuruak ere gora egin zuen. Reims da Champagne-Ardennesko ekonomia hiriburua. Nekazaritza eta abere hazkuntza gero eta gehiago nagusitzen ari dira. Ardogintzak ere gorakada nabarmena izan du: 19.400 ha (% 86 ardogile txikien eskuetan eta gainerakoa Reims eta Épernay-ko etxe handienetan); 122.172.000 botila champagne 1975. urtean.