Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Coxeter, Harold Scott MacDonald

Britainiar matematikaria (Londres, 1907 - Kanada, 2003). Cambridgeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta 1929an graduatu zen. Doktoregoko ikasketak ere Cambridgen egin zituen, H. F. Baker-en zuzendaritzapean, eta 1931n bukatu zituen. Ikerlanean jarraitu zuen Cambridgen, eta bitartean Princetonen ere aritu zen, Veblen-en zuzendaritzapean ikerketak egiten. 1932-1933 bitartean Rockefeller Fellow eta 1943-35 bitartean Procter Fellow izan zen. 1936an Torontoko Unibertsitatean irakasle postu bat onartu zuen. Coxeter-ek geometria landu zuen, gehienbat. Bereziki, politopoen teorian, geometria ez-euklidearrean, talde teorian eta konbinatorian egin zituen ekarpenak. Hala, talde mota batzuk bere izena jaso zuten, eta 1934an Coxeter-ek bere izena duten talde esferiko eta euklidear guztiak sailkatzea lortu zuen. Unibertsitate askok ohorezko doktoregoak eman zizkioten, haien artean, York-eko Unibertsitateak. Bestalde, Londresko Errege Elkarteko eta Kanadako Errege Elkarteko kide ere izan zen. Bere geometria liburu garrantzitsuenen artean hauek dira aipagarriak: The real projective plane (1955, Plano proiektibo erreala), Introduction to geometry (1961, Geometriaren hastapenak), Regular polytopes (1963, Politopo erregularrak), Non-euclidean geometry (1965, Geometria ez-euklidearra) eta S. L. Greitzer-ekin batera idatzitako Geometry revisited (1967, Geometria berrikusia). W. O. J. Moser-ekin batera egindako talde irudikapenei buruzko lan famatu bat ere, Generators and relations for discrete groups (Talde diskretuen sortzaile eta erlazioak), argitaratu zuen. 1938an Rouse Ball-en Mathematical recreations and essays liburua berritu zuen. 1997an Kanadako Companion of the Order titulua eskuratu zuen.