Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cox, Gertrude Mary

Estatubatuar matematikaria (Dayton, Iowa, 1900 - Durham, Ipar Carolina, 1978). Lehenengo ikasketak Perry-ko institutuan egin zituen, Iowan, eta 1918an graduatu zen. Eliza Metodistako diakonesa izateko asmoa bazuen ere, 1925ean Ames-ko Iowa State Collegen ikasketak jarraitzea erabaki zuen. Bertan matematika eta estatistika ikasketak egin zituen eta 1931n graduatu zen. 1940an Raleigh-eko (Ipar Carolina) Estatuko Unibertsitateko estatistika irakasle hautatu zuten, eta Estatistika Esperimentalaren saileko buru ere izan zen. 1945ean Ipar Carolinako Consolidated University-ko Estatistika Institutuko zuzendari eta Ipar Carolinako State College-ko Estatistika Ikerketako Saileko zuzendari izan zen. Urte berean, Biometrics Bulletin eta Biometrics aldizkarietako zuzendari kargua lortu zuen eta hamar urtez bete zuen postu hori. 1947an, beste zenbait zientzialarirekin batera, Biometria Elkartea fundatu zuen. 1950ean, Cochran-ekin elkarlanean, Experimental Design liburua argitaratu zuen, berehala testu klasiko bihurtu zena. 1960an Durham-eko Ikerketarako Triangle Institutuko Estatistika zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan egon zen 1964an erretiratu zen arte. Cox-ek ohore ugari jaso zuen bere lanarengatik; hala, 1949an Nazioarteko Estatistika Institutuko kide hautatu zuten (kargu hau bete zuen lehenengo emakumea izan zen), 1956an Amerikako Estatistika Elkarteko zuzendari izendatu zuten, eta azkenik, 1975ean, Zientzietako Akademia Nazionaleko kide egin zuten.