Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Costner, Kevin

Antzezle, produktore eta zinemagile estatubatuarra (Los Angeles, 1955). Lawrence Kasdanen Hotzikara handian (1983) lan egin ondoren, protagonista nagusietakoa izan zen zuzendari berberaren Silveradon (1985), eta film horri esker egin zen ezaguna. Garai horretakoak ditu Fan-dan-go (1984), Ukiezinak (1987), Irteerarik gabe (1987), Durhamgo bufaloak (1987), Mendekua (1988) eta Ametsen soroa (1989). Zuzendaritzari 1990ean ekin zion, Otsoekin dantzan filmarekin, protagonista ere bera zela. Erabateko arrakasta izan zuen: zazpi Oscar, tartean film eta zuzendari hoberenarenak. Arrakastatsuak izan ziren, halaber, JFK (1991) eta Robin Hood, lapurren printzea (1990). Beste film batzuk: Bizkarzaina (1992), Mundu perfektua (1993), Wyatt Earp (1994), eta Waterworld (1995). Azken hori izan zen ordu arteko zinemaren historiako filmik garestiena, baina ez zuen arrakasta handirik lortu, ezta ondorengoak ere, The Postmanek (1988).