Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cortés, Hernán

Espainiar konkistatzailea (Medellin, 1485 - Castilleja de la Cuesta, Sevilla, 1547). Handiki familia batean sortu zen. Salamancan egiten ari zen ikasketak utzi eta La Española uhartera joan zen eskribau gisa lanera. 1511. urtean Kubako uhartera alde egin zuen. 1518an, Diego Velázquez-ek Mexikorako bidaldiburu izendatu zuen, baina atzera egin zuen erabaki honetan eta baliorik gabe utzi zuen erabaki hura. Cortés-ek ez zion jaramonik egin; Yucatan aldera abiatu zen eta 1519an Veracruz hiria sortu zuen. Bere mendeko jendearen arteko asko Velázquez-en jarraitzaile izango ote ziren beldurrez, Velázquez-en ontziak hondoratu zituen eta buruzagi bakar bihurtu zen. Menderatu zuen Tlaxcala herria aliatutzat hartuz, Cortés-ek Tenochtitlan hiri aztekara (egungo Mexico) abiatu zen, hiri hori ere bere mende hartu nahian. Cholula suntsitu ondoren, Cortés eta bere aliatuak oztopo handirik gabe sartu ziren Tenochtitlan hirian, eta Moctezuma buruzagi militarrak etsi egin behar izan zuen. Espainiarren eta azteken arteko istiluak aitzakitzat hartuz, bahituran hartu zuen Cortés-ek Moctezuma. Bitartean, Diego Velázquez-ek Pánfilo de Nárvaez-en gudarosteak bidali zituen Cortés-en aurka, baina Cortés-ek arazo handirik gabe menderatu zituen. Aztekak espainiarren aurka matxinatu ziren, eta espainiarrek Moctezuma buruzagia hil zuten. Hilketa eta sarraski haren ondorioz (buruzagi azteka asko hil zuten konkistatzaileek), espainiarrek eta tlaxcalakoek Tenochtitlan utzi egin behar izan zuten («La Noche Triste» delakoa, 1520ko ekainaren 30etik uztailaren 1erako gaua). Tlaxcalan babespean gorderik, Cortés-ek Cuitlahuac buruzagiaren mende zegoen Tenochtitlan hiriaren konkista prestatu zuen. 1521eko abuztuaren 13an espainiarrek Cuitlahuac-en ondorengo Cuauhtemoc preso hartu zuten, eta Tenochtitlan hiria erabat suntsituta geratu zen era horretan. Mexiko espainiarren esku geratu zen. Karlos I.a enperadoreak Nueva Españako gobernari eta kapitain nagusi izendatu zuen Cortés 1522an. 1524. urtean Cortés-ek Cuauhtemoc, azteken azken buruzagia, hiltzeko agindua eman zuen. Gupidarik gabe jardun zuen Cortés konkistatzaileak, baina ez zuen espainiarren artean ere harrera onik izan. v 1528. urtean Mexikotik alde egin behar izan zuen eta 1530ean berriro itzuli bazen ere (1530), ez zuen bertan inolako aginte politikorik ez militarrik izan, bertako gizon aberatsena bazen ere. 1540. urtean Espainiara itzuli eta Aljerko setioan hartu zuen parte (1541).