Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cortes

Nafarroa hego-ekialdeko udalerria, Ebro ibaiaren ertzean (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean Buñuel, ekialdean Novillas eta Tauste (Zaragoza), mendebalean Ablitas, eta hegoaldean Mallén (Zaragoza). Altuera 254 m. 36,52 km2. 1998ko datuen arabera, 3.207 biztanle ditu (cortestarrak), aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza da ekomomia jarduera nagusia (artoa, barazkiak, azukre-erremolatxa, garia eta garagarra. Lagileen % 43). Langileen % 37 ari dira industrian: janari (azukrea) eta kimika industria. v Artea. 1946. urtean aurkitu ziren Cortesen Burdin Aroko herrigune bateko hondakinak, Cerro de la Cruz izeneko lekuan (K.a. 1000-500). Cortesko alde zaharra kutsu arabiarrekoa da. Aipagarriak dira gaztelu zaharra (XIII. m.), San Joan Bataiatzailearen eliza eta bertako erretaula (XVI-XVII. m.) eta Mirandako dukeen jauregia, gazteluko hormen barnean. Euskal Herri osoan guztiz famatu diren Cortesko paloteado ospetsuak dantzatzen dira San Migel egunean (irailak 29). v Historia. Ebro ibaiak ureztaturiko lurralde emankorraren erdian dago eta giza finkamenduak baziratekeen egungo Cortesen K.a. 3000. urte aldera. K.a. VI. mendera arte zibilizazio indartsu bat egokitu zen bertako Cerro de la Cruz aldeko herrigunean, baina K.a. 250. urtearen inguruan erabat hustu zen. Batzuen arabera, Ptolomeok aipaturiko Balsium herrigunea bide zen Cortes. Arabiarrek hartu zuten VIII. mendean eta Alfontso I.a Gudularia Aragoi eta Iruñeko erregeak bereganatu zuen 1119. urtean. Bertako aljama edo auzo judua, Euskal Herriko garrantzizkoenetakoa izan zen. v Cortesko Kapitulazioak. 1333. urtean, hitzarmen bat sinatu zuten Cortesen, Filipe III.a Nafarroako erregearen eta Alfontso IV.a Aragoiko erregearen artean, Joana Nafarroako erregearen alabaren eta Petri Aragoiko erregearen semearen arteko ezkontza zela medio. Hitzarmen haren arabera, Petri eta Joana Nafarroako koroaren jabe egingo ziren, baldin eta Nafarroako errege-erreginek semerik ez bazuten.