Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Corbusier, Le (Charles Edouard Jeanneret

benetako izenez). Suitzar arkitekto eta urbanista, XX. mendeko garrantzitsuenetakoa (La Chaux-de-Fonds, Suitza, 1887 - Roquebrune-Cap-Martin, Frantzia, 1965). Nazioarteko Arkitektura Eskola delakoaren partaidea izan zen. L´Espirit Nouveau aldizkaria argitaratu zuen A. Ozenfantekin batera eta bertan adierazi zuen berrikuntzetarako bere gogoa. Bere lanetan funtzionalismo modernoa eta espresionismoa bateratu zituen. Eraikuntza geometrikoak egin zituen, eta oinezkoentzat toki bereziak gorde zituen berak urbanizatutako hirietan, landareei eta espazio irekiei nagusitasuna emanez beti. Arkitektura modernoa eraberritu duten arkitekto nagusietakoa izan da. Egin zituen lan aipagarrienak: Moskuko Centrosoyus  jauregia, Parisko Suitzako aretoa, Ronchampko Kapera, eta zenbait hiri urbanizatzeko proiektuak, Punjab estatuko Chandigarh hiriburukoa esaterako, Hiri distiratsua deitua; horixe hartzen da bere hirigintza tesi nagusitzat. Hainbat lan idatzi zituen, estetikari buruzko bere ideiak adierazten dituztenak: Vers une Architecture, A propos d´Urbanisme, La petite maison, My work, etab.