Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Collaer, Paul

Belgikar musikagilea, piano-jotzailea eta orkestra zuzendaria (Boom, 1891 - Brusela, 1989). Bruselako Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1909-1914), eta gerra ondoren zientzietako doktoregoa lortu zuen (1919). Aldi berean, pianoa ikasi zuen Mechelengo Kontserbatorioan. 1911n eman zuen lehenengo kontzertua. Bruselan Concerts Pro Arte kontzertuak sortu zituen (1919-1935). Kontzertu horien bidez ezagutarazi zituen Collaer-ek gaur egungo musikako joera berriak (Satie, les Six, Roussel, Sauguet, Stravinsky, Berg, Hindemith...). Bestalde, Kontzertu zaharrak eta modernoak sortu zituen (1933), eta horietan aitzindari lana egin zuen antzinako musika gogoratzen (Purcell, Monteverdi, Cavalieri...). 1937-1953 urteen bitartean musika emanaldien zuzendari izan zen Belgikako Irrati Institutuan. Han ere garai hartako musikaren alde egin zuen. Elisabet erreginaren musika kaperan musikaren historiako irakasle izan zen, eta Musika Konparatuaren Nazioarteko Institutuko batzorde zientifikoko lehendakari. Bestalde, hainbat liburu idatzi zuen bere garaiko musikari buruzkoak: Igor Strawinsky (1930); Signification de la musique (1944, Musikaren esanahia); Darius Milhaud (1947); La Musique moderne, 1905-1955 (1955, Musika modernoa, 1905-1955); La Musique populaire traditionnelle en Belgique (1974, Herri musika tradizionala Belgikan); Musica siciliana (1981, Musika siziliarra).