Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Coll i Alentorn, Miquel

Katalan politikari eta historialaria (Bartzelona, 1904 - Bartzelona, 1990). Familia aberatsekoa zen, eta ingeniaritzako ikasketak egin zituen, baina ez zen inoiz lanbide horretan aritu. 1931. urtean Acción Republicana de Cataluña-ko kide egin zen, liberala eta maila batean katalanzalea zen alderdikoa. 1932an Unión Democrática de Cataluña sortu zuen, eta idazkari nagusi izatera iritsi zen. Estudios Universitarios Catalanes erakundea berrantolatu zuen 1942an, eta Kataluniako Historiako irakasle izan zen bertan. 1969-1977 bitartean irakasgai hori bera irakasten jardun zuen Bartzelonako Unibertsitatean ere. 1976an Consejo Federal Español del Movimiento Europeo-ko presidente izendatu zuten, eta urtebete geroago Convergència i Unió alderdian sartu zen. 1980an Kataluniako Parlamentuko diputatu egin zuten, eta Generalitateko Presidentetzako aholkulari izan zen ondorengo lau urteetan; 1984tik hil zen arte (1990), berriz, Kataluniako Parlamentuko presidente. Historialari gisa, Historiografia de Catalunya en el periode primitiu (1951-1952, Kataluniaren historiografia antzinako garaietan), Desclot-en kronika-ren edizio kritiko bat (1949-1951) eta Guillem Ramon de Montcada-ren kondairari buruzko ikerketak (1957) argitaratu zituen, beste lan batzuen artean.