Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Coen, Joel

Zinemagile estatubatuarra (Minneapolis, 1954). Bere anaia Ethanekin egin izan ditu film gehienak, eta elkarrekin prestatzen eta egiten dituzte bai gidoiak bai pelikulak. Odol erraza (1985) dute lehen filma (thriller bitxia), zirkuitu komertzialetatik at banatu behar izan zutena. Hala eta guztiz ere, dezenteko arrakasta lortu zuen, bai kritika aldetik bai dirutan. Arizona Baby egin zuten hurrena (1987), eta aurrekoaren ezaugarriak igarri ziren hor, baita gerora egin dituzten filmenak ere: komedia barregarria eta krimena, sarritan elkarrekin nahasturik. Gangsterren zinemari ekin zioten Errotariaren zeharbidean (1990, Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra), eta garai berekoa da Barton Fink (1991, Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palmondoa). Umore fina eta aparta erakutsi zuten Jausi handia (1994), Fargo (1996, bi Oscar sari) eta Lebowsky handia (1998) filmetan. Zinema independentea deritzonaren esparruan ibili ohi dira Coendarrak, hau da, filmak diru gutxirekin eginez, inoren mende egon gabe askatasun osoaz aritu ahal izatearren.