Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cela, Camilo José

Espainiar idazlea (Padron, 1916 - Madril, 2002). Medikuntza, Letrak eta Zuzenbidea ikasten hasi zen, baina ez zituen bukatu. Gerra zibilaren ondoren enplegatu gisa aritu zen lanean bulego batean, eta dirudienez hantxe idatzi zuen 1942. urtean La familia de Pascual Duarte eleberri famatua, literatura lantzera bultzatu zuena (Paskual Duarteren sendia, Luis Jauregi «Jaurtakol»-ek euskaratua, 1967). Espainiako gerraondoko literaturan leku berezia izan zuen liburu honek, harekin hasi baitzen Espainiako eleberrigintzaren berrikuntza, bai gaien aldetik, bai idazkera aldetik. Nolanahi ere, errealismo naturalista abiapuntu harturik, eta adierazpide herritarrak erabiliz, eleberri eta kontakizun ugari eman zituen, umorea, satira eta behaketarako joera berezia erakusten dutenak: Pabellón de reposo eta Nuevas andanzas y desventuras del Lazarillo de Tormes (1944) eleberriekin teknika berriak hasi zen erabiltzen; La Colmena (1951); La cátira (1956), Tobogán de hambrientos (1962); San Camilo 1936 (1970), Oficio de tinieblas (1975). 1976. urtean Diccionario secreto eta Enciclopedia del erotismo lanak argitaratu zituen. Bidaia liburu ederrak ere idatzi ditu: Viaje a la Alcarria (1948), Del Miño al Bidasoa (1952) eta Viaje al Pirineo de Lérida (1965). Espainiako idazle ospetsuenetakoa da. 1989. urtean Literatura Nobel saria eman zioten eta 1995. urtean Cervantes saria jaso zuen. Argitaratu zituen azken eleberrien artean, aipagarria da La cruz de san Andrés (1994).