Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Carpentier, Alejo

Kubako eleberrigile eta musikologoa (Habana, 1904 - Paris, 1980). Gazterik hasi zen Kubako tradizio afrikarra aztertzen eta, molde horretako poesia lantzeaz gainera, afrikar musika kontzertuak antolatu zituen. 1933. urtean idatzi zuen lehen eleberriak (Ecué-Yamba-o) tradizio hartako balioak adierazi zituen. 1946. urtean La música en Cuba (Musika Kuban) saioa eman zuen argitara. Haren eleberri nagusiak: El reino de este mundo (Mundu honetako erreinua, 1949), Los pasos perdidos (Urrats galduak, 1953), El siglo de las luces (Argien mendea, 1962). Kontakizun laburrak eta ipuinak ere idatzi ditu: El derecho de asilo (Babes eskubidea, 1972). Azken lanak dira: La consagración de la primavera (Udaberriaren sagara, 1978) eta El arpa y la sombra (Arpa eta itzala, 1979) izan ziren. Herri ohiturak kontuan hartu zituen idazle barrokoa izan zen, Ameriketako eleberrigile handienetakoa.