Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Carolina, Ipar

(Ing. North Carolina). Estatu Batuetako hego-ekialdeko estatua, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Mugak: Virginia, iparraldean; Hego Carolina, hegoaldean; Tennessee, mendebalean eta Ozeano Atlantikoa, ekialdean. 135.000 km2 eta 5.881.766 biztanle (1980). Biztanleriaren % 25 arraza beltzekoa da. Hiriburua: Raleigh. Hiri nagusiak: Charlotte, Greensboro, Winston-Salem, Chapel Hill (Unibertsitatea). v Orografia. Estatuko mendebalean Appalache mendiak hedatzen dira (Blue Ridge eta Great Smoky Mountains. Altuera gorena: Mount Mitchell, 2.037 m). Erdialdea muino lurraldea da. Kostalde laua eta hareatsua da, eta hondar uharte ugari dago. v Klima. Tropikoz behetikoa hego-ekialdean eta kontinentala eta hotzagoa mendebaldean. v Ekonomia. Nekazaritza ia erabat tabakoan oinarritua dagoen arren, abere eta hegazti hazkuntza ere nahikoa zabaldurik dago. Baso ustiakuntza. Arrantza. Harrobi garrantzitsuak. Industria indartsua (ehungintza, tabakoa, janari industria). v Historia. Espainiarren ondotik, 1584. urtetik aurrera egokitu ziren bertan lehen kolono britainiarrak, Walter Raleigh itsasgizon ingelesak gidatuta. Hego Carolinarekin bat eginda zegoen lurraldea Ingalaterrako koroaren kolonia bihurtu zen 1663. urtean. Hego Carolinatik bereizi ondoren (1730), independentziaren aldeko mugimenduarekin bat egin zuen eta 1789. urtean Estatu Batuetako estatu bihurtu zen.