Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caro Baroja, Pío

Espainiar zinema zuzendaria, Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan lan handia egina (Madril, 1928). Julio Caro Baroja etnologoaren anaia da, eta Pío Baroja idazlearen iloba. Zuzenbide ikasketak egin ondoren, 1953an Mexikora alde egin zuen, eta han sartu zen zinemagintzan, kritikari gisa. Italiar neorrealismoaren alde egin zuen, eta higikunde horri buruzko liburu bat idatzi zuen, El cine neorrealista italiano. Mexikon, gainera, dokumentalak egin zituen. Mexikar zinema etnografikoak eta eskola neorrealistaren mirespenak eragin handia izan zuten Caroren ondorengo karreran, dokumentalaren ingurukoa izan baitzen beti. Espainiara itzulita, etengabe jardun zuen lanean. Anaiaren batera, Documentales Folclóricos de España ekoiztetzea sortu zuen, desagertzear ziren herri usadio eta jaiak gordetzeko helburuaz, eta lan asko egin zituzten: Los diablos danzantes (1964), El carnaval de Lanz (1964), La Virgen de la Peña (1964), Las botargas (1965) eta La última vuelta del camino (1965). 1966an Espainiako Telebistako bigarren katean hasi zen lanean, eta bertan film labur asko egin zuen: Deportes vascos, Carta de Murcia, Pescadores gallegos, En un lugar de la Mancha, El principado de Asturias, El País Vasco. TVEko zenbait sailen arduradun egin zuten (Fiesta), eta hartarako egin zituen El valle de Iraurgui (1966), Bertsolaris, Las figuras bíblicas de Puente Genil (1967), etab. 1972an, lan bat debekatu ziotela-eta, utzi egin zuen Espainiako Telebista, eta orduantxe egin zituen lanik nagusiak: Las cuatro estaciones (1970-72), Vianako Printzea erakundearentzat egindako bi ordu eta erdiko dokumentala, eta Gipuzkoa (1976-1979), Donostiako Kutxak eskatutako hiru orduko dokumentala. 1982an TVEra itzuli eta Baroja a través de Baroja eta El mayorazgo de Labraz egin zituen, azken hori lau ataleko saila, bere osabaren eleberrian oinarritua.