Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cameron, James

Kanadar zinema zuzendari, produktore eta gidoigilea (Kapuskasing, Ontario, 1954). 1978an egin zuen bere lehenbiziko film laburra, Xenogenesis. Piraña II: Itsasoko banpiroak (1981) da Cameronen lehen film luzea, baina Terminator (1984) filmak ekarri zion lehenbiziko arrakasta handia, bai dirutan, bai ikusle kopuruan, bai kritikaren txaloetan. Hala, aurrekontu handiagoa lortu zuen bere hurrengo proiekturako: Aliens: itzulera (1986), era berean arrakasta handia lortu zuena. Abyss (1989) egin zuen hurrena, eta porrot egin zuen film horrek zinema aretoetan. Krisialdi horretan zebilela erabaki zuen ordu arte sekula egin izan zen efektu berezietako film ikusgarriena egitea: Terminator 2: azken judizioa (1991), berebiziko harrera izan zuena. Gezur arriskutsuak (1994) egin zuen ondoren: arrakasta itzela, beste behin ere. Egun arraroak (1995) egin ondoren hasi zen bere proiektu nagusiaren gidoia idazten: Titanic (1997). 1912ko apirilaren 14an Ipar Atlantikoko uretan hondoratu zen ontzi famatuaren historia zinemara eramateko 200 milioi dolar gastatu zituen Cameronek. Titanicek izugarrizko arrakasta lortu zuen, ordu arteko ikusle kopuru markak hautsi baitzituen. Kritika eta zaleen txaloez gain, Holywoodeko Zinema Akademiarena ere bereganatu zuen: 11 Oscar, tartean film eta zuzendari hoberenarena.