Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Câmara, Helder

Brasildar erlijio gizona (Fortaleza, 1909 - Recife, 1999). Bere herriko desberdintasun sozialak eta herritar askoren miseria salatzen nabarmendu zen. Faveletako gotzaina eta Gotzain gorria goitizenak jarri zizkioten, auzo pobreenetako herritarren alde egindako lanagatik. Cearáko seminarioan ikasi zuen eta 1931n apaiztu zen. Hezkuntzaren planifikazioaz arduratu eta bere estatuko politikagintzan murgildu zen. Hasieran mugimendu integristaren inguruetan ibili zen, 1940 aldera ikuspegiz eta joeraz aldatzen hasi zen arte, brasildar askoren bizimodu pobre eta larriaz oharturik. Vatikanoko II.a Kontzilioan buru-belarri parte hartu zuen (1962-1964) eta 1968an Ekimena, Bakea eta Justizia erakundea sortu zuen. 1970ean Martin Luther King Bakearen saria jaso zuen. Aldi berean, Brasilgo gobernuak galarazi egin zion hedabideetan adierazpenak egitea (traizio delitua egotziz), diktadura militarraren aurka eta brasildar pobreenen alde erakutsitako jarreragatik. Mehatxu ugari egin zizkioten talde paramilitarrek, eta atentatu bat baino gehiago jasan zuen. Bakearen Nobel sarirako hainbatetan izendatu zuten, eta hemeretzi unibertsitatetako honoris causa doktore izan zen.