Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Calvino, Italo

Italiar idazlea (Santiago de las Vegas, Kuba, 1923 - Siena, 1985). Lehenengo kontakizunetan nazien aurkako erresistentziako garaiak ekarri zituen gogora; gerra giroa eta gaztaroko gertaerak adierazi zituen batez ere. Garai hartako ispilu da Il sentiero dei nidi di ragno eleberria (1947, Armiarma habien bidezidorra). Geroago, kontakizun filosofiko eta moralak eman zituen bere lanetan; ironiaren eta prosa poetikoaren bitartez, Italiako kristau-demokratekiko jarrera kritiko zorrotza bideratu zuen. Erdi Aroan kokaturiko kontakizunak, Il visconte dimezzato (1952, euskarara Iñaki Ugarteburuk itzulia, Bizkonde erdibitua), Il barone rampante (1957), Il cavaliere inesistente (1959), idazlearen garaiko munduari buruzko kritika bortitzak dira. Ikuspegi kritiko hori alde batera utzi gabe betiere, umorea eta fantasia errealismoarekin nahasten ditu bere ipuin eta eleberrietan: La giornata d´un scrutatore (1963, Boto kontalari baten laneguna), Le cosmocomiche (1965, Kosmikomikoak), Le città invisibili (1972, Hiri ikustezinak), Se una notte d´inverno un viaggiatore (1979, Baldin negu gau batez bidaiari batek). Haurrentzat ere idatzi zuen: Marcovaldo izeneko kontakizuna (1963). 1980. urtean argitaratu zuen Una pietra sopra liburuan, 1945-1980 bitartean idatzitako berrogei artikulu eta saiakera inguru bildu zituen. Italiako herri ipuin zaharren biltzaile artazkoa izan zen. Garrantzi handikoa da, Ameriketan eman behar zituen zenbait hitzaldi bilduta, hil ondoren argitara eman zioten liburua, Six Memos for the next millennium (1989, Sei ohar gogoan hartzeko datorren milaurtekoan), bertan dagoelako Calvinoren literatura pentsamendua.