Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Calaferte, Louis

Italiar eleberrigilea (Turin, 1928 - 1994). 1930eko hamarraldiaren hasieran Frantziara ihes egin behar izan zuen bere familiarekin. Lyonen txirotasunean eta xenofobiaren mende lan egin behar izan zuen. Hamahiru urte zituela fabrika batean hasi behar izan zuen lanean. Gerran eta fabrika hartan bizi izan zuen esklabotasun egoera betirako izan zituen gogoan. Inozenteen requiem-a (1952), lehenengo liburua eta Gerra da (1953) urte beltz horien lekuko dira. Bere ohar intimoak osatzen duten sei liburuetan Le Chemin de Sion (1980, Siongo bidea), L´Or et le plomb (1981, Urreta eta beruna), Lignes intérieures (1985, Barruko lerroak), Le Spectateur immobile (1990, Ikusle geldia), Le Miroir de Janus (1993, Janusen ispilua), Rapports (1996, Harremanak) jakin-mina eta bilaketa espirituala elkarrekin doazela ikusten da. Droit de cité (Hiri eskubidea) lanean agertzen da Calaferten ikusmolde politikoa, anarkismo kristautzat hartu izan dena. 1963an Septentrion kontakizun gogorra eta salatzailea idatzi zuen, baina debekatuta egon zen eta 1984an argitaratu zen berriro. Bestalde, eleberriarekin zuen distantzia azpimarratu nahian L´Incarnation (1987, Gizakundea) eta La Mécanique des femmes (1992, Emakumeen mekanika) idatzi zuen. Calaferteren antzerkiak ere formak puskatzeko helburua du: Chez les Titch (1971, Titchtarren etxean), Les Derniers Devoirs (1981, Azken betebeharrak).