Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bulimia

iz. Med. Eritasun psikologikoa, antsietateak eta gorputzaren itxuragatiko gehiegizko ardurak sortua, gehiegi eta ordenarik gabe jatea dakarrena. Bulimiaren ezaugarriak jaki gehiegi irentsi eta ondoren ok eragitea, heste-libragarriak erabiltzea, eta dieta eta kirol bortitzegiak egitea dira. Hala ere, bulimiak berak bakarrik ez du argaltzea eragiten, eta, gorakoen ondorioz, urdaileko eta hesteetako arazoak, hipopotasemia (potasio urritasuna) eta hortzetako lesioak eragin ditzake. Nerabezaroan ageri dira kasu gehienak, emakumezkoengan batez ere, argaltasuna balioesten duen gizarte presioaren ondorioz, edota sexudun gorputza onartzeko zailtasunen ondorioz. Gaixotasuna tratatzeko talde terapiak eta baldintzapeneko terapiak erabiltzen dira. Botika antidepresiboak ere onuragarriak izan daitezke.